EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Irailak 25

Alfonso Alonso izango da PPko lehendakarigaia

Jarduneko Espainiako Osasun ministro ere badenak laster dimisioa emango du eta Rajoyren gobernuan duen eginkizuna albo batera du.

Alfonso Alonso izango da PPren lehendakarigaia. Argazkia: EFE
Alfonso Alonso izango da PPren lehendakarigaia. Argazkia: EFE
Alderdi Popularrak Alfonso Alonso aukeratu du lehendakarigai

1:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidente eta jarduneko Espainiako Osasun ministroa izango da PPko lehendakarigaia irailaren 25ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Alonsok Gasteizen eskaini duen prentsaurrekoak jakinarazi duenez.

Jarduneko Espainiako Osasun ministro ere badenak hurrengo Ministro Kontseiluan dimisioa emango du eta Rajoyren gobernuan duen eginkizuna albo batera utzi du, bateraezintasuna tarteko. Ukatu egin du bere ibilbide politikoan "atzera pausoa" denik; alderantziz, berarentzat "aurrerapausoa" eta "erronka" dela ziurtatu du. "Gustura nago, ona da etxera bueltatzea", adierazi du lanerako "gogoz eta ilusioz" dagoela esan aurretik.

Euskadiko PPko zuzendaritzak Gasteizen egin duen bileraren ondoren, Alonsok eskerrak eman dizkie alderdikideei, eta moderazioa eta egonkortasuna oinarri izango dituen eta Espainian eta Europan integratutako proiektua defendatu du.

Alonsoren esanetan, EAJ "bere tokian" jartzeko eta "euskaldun eta espainiar" sentitzen diren herritarrei ordezkatzeko helburuarekin egingo dio aurre erronkari.

"Euskal gizartearentzat baliagarri izan nahi dugu eta hori nola egingo dugun azalduko diegu herritarrei", azaldu du. Horrez gain, azken lau urteetan Euskadi geldirik egon dela salatu du eta "gehien behar zenean" ezer ez egitea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari.

Euskadiko PPko presidentearen hitzetan, Ceutaren atzetik Euskadin sortzen dira enpresa gutxien eta gazteek lan bila kanpora joan behar ez izateko Euskadin aurrera egiteko beharra nabarmendu du.

Lehendakarigai 'popularrak' jeltzaleak izan ditu jomugan eta, bereziki, Arabako buruzagi jeltzaleak kritikatu ditu. Arabako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalean jeltzaleen eta sozialisten arteko koalizioa dago agintean, baina Alonsok ziurtatu du EAJk EH Bildurekin gobernatzen duela eta bi alderdiek "de facto"ko akordioa dutela. Are gehiago, EAJk beti erradikalenekin itunak egitea aukeratzen duela. Gainera, jeltzaleek PPk Euskadi "libreago, irekiago eta moderatuago" baten alde lan egiteko Iñigo Urkullu lehendakariari egindako proposamenari ezetz erantzun izana deitoratu du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak EAEko hauteskundeak 2024 Euskadiko PP bideoak Gaurko azken orduko albistea Alfonso Alonso