X-b aldea-X

X-b aldea-X

B Aldea

Elkarrizketa

Sara Zozaya: “Poesian ezkutatzeak transmisioa lausotzen du, gordin hitz eginda mezua heldu egiten da”

B. F. | Gaztea

Donostiar artistak ‘Nara’ izeneko estreinako disko luzea aurkeztu digu “B Aldea”n.

  • Sara Zozaya

    Sara Zozaya. Argazkia: Arriguri

    22:21 min
imagen player
imagen player
imagen player

Sara Zozayak Nara izeneko estreinako LPa aurkeztu digu "B Aldea"n.

Kaleratu zuenetik astebete igaro den honetan, jendearena da diskoa, eta "liberatuta" eta harrerarekin eskertuta dago artista.

Grabatu ostean, behin entzun du osorik, eta sekulako poza sentitu du.

Itxialdian hasi zen Narari forma ematen, galdu samar zebilenean, bere memoriei izena jarri eta sailkatzeko prozesuan murgilduta. "Kanta bakoitza nire bizitzako momentu oso konkretu bat da", azaldu digu musikariak.

Hala, abesti guztiekin sentitu du hazkunde moduko bat: "Kanta bakoitza egitea prozesu bat ulertu eta gainditzea izan da".

Identifikatu, ulertu, hitzetan jarri eta gainditzeko prozesu horretan, Sara umea berreskuratzeko beharra sentitu du artistak, baina urteetan zehar pilatutako bizipenez jositako geruzarekin egin du topo.

Iragana eta orainaren arteko eskailera bat da Nara, lorez eta arantzaz estalitakoa; purura itzultzeko saiakera bat, garena ulertzeko izan ginena omentzeko beharretik sortutako lana.

Prozesua bakartia izan da, baina ez du bakarrik egin. Izan ere, lagunez inguratu da, kolaborazioetan eta diskoaren kontzeptuaren eraikuntzan.

Bidaideen artean Jon Agirrezabalaga ekoizlea aipatu du Zozayak, bere egiteko modua goraipatuz. Etxean sentitu da musikaria, abestiak estudioan landu eta osatzeko aukera emai baitio ekoizleak; dudak, esperimentazioa eta sormenaren ertz guztiak garatzeko leku segurua eskainiz.

Etorkizun hurbilera begira, Nara taularatu eta ukigarri bihurtzea da musikariaren erronka. Formatu aldaketaz baliatu dira horretarako: lau taldekide izango dira, Paule Bilbao baxu jolea bandara batuta.