Gaztea

E28

EHGAM: “Purpurina nahi dugu, baina askoz gehiago barrikadak”

B. F. | EITB Media

LGTBI Harrotasunaren egunean, kolektiboko kideen aldarriak eta erakundeek borrokan duten azaleko partehartzea izan ditugu hizpide EHGAMeko kideekin.

  • LGTBI Harrotasunaren manifestazioa, Bibon

    LGTBI Harrotasunaren manifestazioa, Bibon. Argazkia: EFE (artxiboa)

Ekainean eta urteko beste hamaika hilabeteetan ere, LGTBI pertsonen ahotsa herritarrena dela aldarrikatu ohi dute kolektiboaren eskubideen alde lanean dauden erakundeek. Horietako bat da EHGAM, Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimendua.

Borroka eta bizia bera goitik behera zeharkatzen dituzten mehatxu guztien artean (kapitalismoa, matxismoa, kolonialismoa, arrazakeria, ingurumenaren kontrako erasoak…), bat azpimarratu dute azkenaldian EHGAM elkarteko kideek: borrokaren instrumentalizazioa eta zuritzea.

"Duela hamarkada batzuk, LGTBI borroka ez zegoen ondo ikusita, eta enpresa eta instituzioei ez zitzaien komeni gure mugimendua erabiltzea", azaldu digute elkarteko kideek.

Egun, baina, gizartearen agendan barneratuago daude kolektiboaren aldarriak, eta instituzioek tresna gisa erabiltzen dituztela salatu dute EGHAMetik: "Gizartearen onarpen horrek kapitalismoa eta pinkwashinga (erakundeek eta enpresek euren burua aurrerakoi gisa erakutsi eta zuritzeko erabiltzen duten marketin estrategia) ekarri ditu. Iraganean saihesten ziren disidentziak egungo negozioa egiteko edota instituzioen kudeaketa zuritzeko erabiltzen dituzte".

"Iraganean saihesten ziren disidentziak egungo negozioa egiteko edota instituzioen kudeaketa zuritzeko erabiltzen dituzte"

Aldarrien instrumentalizazioaren baitan, Harrotasuna turismoa erakartzeko bide berri bat dela nabarmendu dute EHGAMeko kideek, Bilbao Bizkaia Pride ekimenaren adibidea jarrita.

"Oso esanguratsua da Bilbao Bizkaia Pride ordaintzeko dirua nondik datorren: Turismo sailetik gehien bat", salatu dute elkarteko kideek.

Turismoa bai, baina elitista: "Gay aberatsek gure herrietan dirua utziko dute, eta erakundeek diru gehiago jasoko dute, alokairuek gora egin eta transmaribibollo langileak auzoetatik kanporatzen dituzten bitartean".

"Guk jaia nahi dugu, gure bizitzak ospatu nahi ditugu, baina ez ditugu gure aldarriak alde batera utziko, are gutxiago enpresak eta erakundeak zuritzeko"

Ekainetik kanpo, baina, LGTBI pertsonen eskubideak agenda politikoetatik kanpo daudela azpimarratu dute elkarrizketatuek: "Urtean zehar ez da gure egoerari buruz hitz egiten, ez da gure beharrei erantzuten dieten neurririk proposatzen". Lan arloan, adibidez, trans pertsonak prekarietatea pairatzera kondenatuta daudela gogorarazi dute EHGAMeko kideek.

"Guk jaia nahi dugu, gure bizitzak ospatu nahi ditugu, baina ez ditugu gure aldarriak alde batera utziko, are gutxiago enpresak eta erakundeak zuritzeko. Purpurina nahi dugu, baina askoz gehiago barrikadak", adierazi dute EHGAMeko kideek.

Erakundeen aldetik jaso nahiko luketen tratuaz galdetuta, Gasteizeko Ikusgune otu zaie. "Gasteizko Ikusgunek hiriburuan gertatze diren erasoak biltzen ditu, guk Bilbon ez daukagu halakorik, eta Bizkaia edo EAE mailan ere ez, ez dugu zenbakirik gertatzen ari denari aurre egiteko", deitoratu dute elkarteko kideek.

E28, kaleetan

Harrotasunaren Egunari lotutako ekitaldi interesatuak alde batera utzi eta kaleetara ateratzeko deia egin du EHGAMek, E28 Koordinadoraren bidez.

Bilbon, Palestinaren kontrako genozidioa jarri dute lehen lerroan. Ekainaren 28ko manifestazioan, "harrotasun antikapitalista aldarrikatuko dugu, erresistentzia palestinarraren alde eta pinkwashing sionistaren aurka".