Gaztea

Internet

Ikurrina, lauburua eta Gernika, Jacob Elordiren Instagramen

B. F. | EITB Media

Australiar aktoreak azken orduetan igotako 'stories'ek sare sozialetako erabiltzaileak erotu ditu.

  • Jacob Elordiren Instagram profila

    Jacob Elordiren Instagram profila

Jacob Elordi australiar aktorearen jarraitzaileek eduki harrigarri batekin egin dute topo gaur goizean. Izan ere, duela ordu batzuk, Euskal Herriarekin lotutako bi storie igo ditu Instagramera.

Lehenengoan, Euskal Herriko mapa, ikurrina eta lauburua daude. Bigarrenean, ostera, Pablo Picassoren Gernika kuadroaren argazkia. Erabiltzaileak bi irudien testuingurua asmatzen saiatu diren arren, Euphoria telesaileko aktoreak ez du bestelako azalpenik eman. Are gehiago, minutu batzuk geroago, bi txakurrekin egindako selfiea igo du Elordik.

Gaurko edukiaren inguruan ezer gutxi dakigun arren, aktoreak hainbat elkarrizketetan aipatu izan du Euskal Herria. Izan ere, aitona euskalduna du Elordik.

Odolaz harago, Euskal Herria ezagutzen duela erakutsi izan du hainbat aldiz. Bada, 2020an honako hitzak esan zituen GQ aldizkariko egindako bideo batean: "Nik ez daukat jatorri espainolik, nire arbasoak euskaldunak dira. Euskal Herria Frantzia eta Espainia bitartean dagoen lurralde txikia da. Aitonak Wikipedian arbaso espainolak ditudala ikusiko balu urkatuko egingo ninduke".