Gaztea

Internet

Kabosu txakurra hil da

B. F. | EITB Media

Interneten historiako memerik ezagunenetarikoa da Kabosuren argazkia. 18 urte zituela zendu da, bere jabeak sare sozialetan iragarri duenez.

  • Kabosu txakurraren memea

    Kabosu txakurraren memea

2010eko hamarkadan ezagutu genuen Kabosu, azken urteetan memeen errege izan den Shiba Inu arrazako txakur japoniarra. Bi urtez gaixorik egon ostean, gaur goizean hil da, 18 urte zituela.

Atsuko Sato txakurraren jabeak sare sozialetan iragarri duenez, duela ordu batzuk "betirako lokartu" da. Honako hitzak idatzi ditu emakumeak: "Munduko txakurrik zoriontsuena izan zarela uste dut. Zauden lekuan zaudela, irribarrez isatsa mugitzen jarraitzea espero dut".

Jabeak bere blogean idatzi duenaren arabera, maiatzaren 26an egingo dute Kabosuren hileta, Japoniako Narita hirian.

Memearen historia

Aipatu bezala, 2010ean ikusi genuen Kabosuren lehen argazkia, Atsuko Satok animalia erreskatatu eta bere blogean hainbat argazki igo zituenean. Irudi horien artean zegoen gerora meme bilakatu dena.

Une horretatik aurrera, txakurraren argazkia Reddit eta Tumblr bezalako foroetan biralizatzen hasi zen. Gero, 2013an, Dogeicon kriptotxanponaren irudi gisa erabili zuten Kabosuren aurpegia. Ordura artekoa gutxi balitz bezala, 2023ko apirilean Twitterreko irudi bilakatu zen (txori urdina ordeztuz), hainbat egunez.