Gaztea

Maketa Lehiaketa

Enbata Lorade taldea, Maketa Lehiaketako lehen finalista

Gaztea | EiTB Media

Bakioko banda izan da bozketa faseko garailea, botoen % 23 eskuratuta. Azaroaren 16ko final handian lehiatuko dira, Gazteako ikus-entzuleek hala erabakita.

  • Enbata Lorade

    Enbata Lorade

Enbata Lorade taldeak irabazi du Gaztea Maketa Lehiaketako bozketa, botoen % 23 eskuratua. Bizkaitar boskotea izango da final handian lehiatuko den taldeetako bat, epaimahaiak aukeratutako beste hiru banda edo artistekin batera.

Bakiotik dator Enbata Lorade boskotea. Euren musika definitzeko eskatuta, "estilo zehatzik ez duen baina soinu konkretu bat bilatzen duen musika" egin nahi dutela diote. "Marea", "Zuzen" eta "Egurre" maketak aurkeztu dituzte.

Urriaren 23an ireki genuen aurtengo hautagaien aldeko boza emateko aukera, eta ordutik 5.600 bototik gora jaso ditugu. Epea igarota, Enbata Lorade gailendu da, 1.285 botorekin. Atzetik gelditu dira Sukena oñatiarrak (botoen % 16), Bikabi zumaiar laukotea (% 15) eta Ttaka bakarlaria (% 10).

Lehen finalistaren izena ezagututa, Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiarena da hitza. Eurek aukeratuko dituzte aurtengo finalera iritsiko diren beste hiru artista edo bakarlarien izenak.

Final handia azaroren 16an izango da, ostegunez, Bilboko Sala BBK aretoan.

Sariak 

Maketa Lehiaketaren finalera iristen diren musikariek hiru sari eskuratzeko aukera izango dute.

Alde batetik, Epaimahaiaren Saria: 5.000 euro eta 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera. Epaimahaikideek finaleko zuzeneko emanaldian erabakiko dute nori emango dioten lehiaketako sari potoloa.

Bestetik, zuen botoei esker Enbata Loradek eramango duen GAZ Saria (entzuleen saria): 2.500 euro.

Azkenik, Harrobia Saria eskuratu ahal izango dute partaideek. Irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.