Gaztea

Musika

Asteko berriak: Taylor Swiften ‘1989’ diskoaren berrargitalpena eta MTV VMA sarien izendapenak

B. F. | EITB Media

Swiften zaleek aspaldi espero zuten berria, eta musikariak berak konfirmatu du Los Angelesen eman berri duen kontzertuan.

  • '1989 (Taylor's Version)'en azala

    '1989 (Taylor's Version)'en azala

Taylor Swift artistak '1989' diskoaren berrargitalpena grabatu duela iragarri du Los Angelesen eman berri duen azken kontzertuan (The Eras Tour biraren baitan AEBn emandako azken zuzenekoa izan da).

Urriaren 27an entzungo dugu '1989 (Taylor's Version)', artistak berak sare sozialetan iragarri duenez. Mezu berean, hainbat aitortza egin ditu Swiftek; tartean, '1989' diskoak bere bizitza hainbat modutan eraldatu zuela eta egindako berrargitalpen kutunena duela.

Europar zaleek diskoaren bertsio berriaz gozatzeko aukera izango dute Swift zuzenean ikusi aurretik. Bada, 2024ko maiatzean iritsiko da The Eras Tour Europara, Lisboan hasi eta Austrian bukatuta.

MTV VMA sariak

Irailaren 13an banatuko dira MTVren VMA sariak, Newarkeko (New Jersey) Prudential Centerren, eta asteon iragarri dute aurtengo izendatuen zerrenda.

Estreinakoz, urteko artistaren kategoriako izendatu guztiak emakumeak dira: Beyoncé, Doja Cat, Karol G, Nicki Minaj, Shakira eta Taylor Swift.

Urteko abestian ere, emakumeak nagusi. Miley Cyrusen "Flowers", Olivia Rodrigoren "vampire", Rema & Selena Gomezen "Calm Down", Sam Smith eta Kim Petrasen "Unholy", Steve Lacyren "Bad Habit", SZAren "Kill Bill" eta Taylor Swiften "Anti-Hero" abestiek osatu dute aurtengo hautagaien zerrenda.