Gaztea

Gaztea Sariak

Dupla, IZARO, Chill Mafia, Neomak eta Gatibu, zuzeneko onenaren Gaztea sarietarako izendatuta

B. F. | EITB Media

Martxoaren 2an banatuko ditugu sariak, 19:30etik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.

  • Gaztea Sariak 2023: Zuzeneko onena

    Gaztea Sariak 2023: Zuzeneko onena

Hasi gara 2023ko Gaztea sariak jasotzeko izendatuen zerrenda iragartzen.

Zuzeneko onenaren kategorian, honakoak dira bost izendatuak: Dupla, IZARO, Chill Mafia, Neomak eta Gatibu.

Musika kaleratzen hasi zirenetik 50 zuzenekotik gora eman ditu Dupla bikote aguraindarrak, duela egun batzuk "Dida!"n kontatu zigutenez.

Euskal Herriko herri askotan ikusi ditugu uda honetan, festarik festa.

Duela egun batzuk esan zion agur Izaro mallabitar artistak bere limoi preziatuen birari, 116 kontzertu emanda. Madrilgo Price zirkua lepo bete zuen, sona handiko artistaz inguratuta. Orain, Izarok berak iragarri duenez, kanta berriak sortzeko geldiunea egingo du.

Estudioan, Gaztearen platoetan, Bilbao BBK Liven... ikusi dugu, bertatik bertara, Chill Mafia nafar kolektiboaren zuzenekoaren energia geldiezina. Taldeak urtarrilean agurtu zuen bere lehen bira, Donostiako Dabadaba aretoan kontzertu bikoitza eskainita.

2022an ezagutu genituen Gaztean Neomak taldeko zazpi kideak, taldea 2019an sortu zen arren. Folklorea eta euskal musika tradizionala abiapuntu hartuta, kolorez eta argiz beteriko zuzeneko ikusgarriak eskaintzen dituzte.

Pasa den urtean hamaika zuzeneko eman dituzten arren, ekainaren 11n San Mamesen emandakoa izan daiteke gogoangarrienetako bat. Bertan ikusi genituen Gatibu taldeko kideak, Fito & Fitipaldisen kontzertu bereziaren atarian.

 

Nola bozkatu

Otsailaren 13tik aurrera izango duzue gustuko artista berri onenaren aldeko botoa emateko aukera, Gaztearen webgunean.

Gaztea Sariak 2023

Garaikurren banaketaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da, ETS eta Süne, Sua, Neomak eta Merina Gris taldeekin. Galan zehar joko dute taldeek, gau berezirako propio prestatutako ikuskizunak eskainiz.

Sariak banatuta eta gaua ixteko, Bulego taldearen kontzertu berezia egongo da.

Egun horretan Euskaldunara joateko modurik ez dutenek izango dute etxetik ikuskizunaz gozatzeko aukera, 2023ko Gaztea sariak emateko ekitaldia streaming bidez ikusi ahalko baita, Gaztearen YouTube kanalean. Gainera, irrati bidez jarraitzeko aukera ere izango da.