Belako, Nøgen, Kerobia eta Tatxers, asteburuko kontzertuen artean
Aretoetako musika programazioaz gain, Zama Doinuz Arindu jaialdia egingo dute Etxarri Aranazko kultur etxean.
Belako. Argazkia: @belako
Musikaz blai dator urteko bigarren asteburua. Besteak beste, Belako, Nøgen, Kerobia, Tatxers, Lorelei eta ETSko Iñigo Etxezarreta zuzenean ikusteko aukera izango da.
Ostirala
Amurrioko Burubio Kultur Elkartean, The Guilty Brigade eta Zutik taldeek kontzertua eskainiko dute. Sarrerak salgai daude, bederatzi euroren truke aurresalmentan eta hamabiren truke bertan erosiz gero.
Tolosako Bonberenean, Pleura eta Meliora bandek joko dute, 22:00etan. Tiketak salgai daude, 8 euroan.
Donostiako Dabadaba aretoan, Jimena Amarillo valentziar artistak eskainiko du zuzenekoa, "sarrerarik gabe" kartelarekin.