Gaztea
Jaialdiak
Merina Gris, Raitx, The Parrots eta Soleá Morente Bilboko kaleetan BBK Live Bereziak zikloan
B. F. | EITB Media
Bilbao BBK Liven musika programazioa ez da Kobetamendin geldituko; izan ere, doako kontzertuak egongo dira hiriburuko erdigunean banatutako lau agertokietan.
-
Bilbao BBK Live. Argazkia: Oscar L Tejeda
Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaileek jaialdiaren hamabosgarren edizioaren inguruko azken xehetasunak argitu dituzte gaur Bilboko Udalean emandako prentsaurrekoan.
Kobetamendin uztailaren 7, 8 eta 9an arituko diren 100 artistez gain, aurten ere, jaialdiak Bilboko erdigunera eramango du musika programazioaren zati bat. Bilbao BBK Live Bereziak zikloaren barruan, Merina Gris talde donostiarra, 2019ko Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuen Raitx banda, The Parrots eta Soleá Morente zuzenean eta doan ikusteko aukera izango da Bilboko kaleetan jarriko dituzten lau oholtzetan.
Aipatutakoez gain, Goxua'n Salsa banda nafar-kolonbiarra, Jordi Évole buru duen Los Niños de Jesús taldea, Soledad Vélez bakarlari txiletarra, Rosa Pistola dj-a, Mainline Magic Orchestra kataluniarrak, La Plazuela, Vic Mirallas eta Ramonets izango dira ikusgai.
Un año más llega #Bereziak, traspasamos las fronteras de Kobetamendi y bajaremos al centro de la ciudad para disfrute de todos los bilbaínos y los que durante estos días visitan la ciudad con conciertos gratuitos de Solea Morente, The Parrots y muchos más #bilbaobbklive pic.twitter.com/p1SuaeLLUW
— Bilbao BBK Live (@bilbaobbklive) June 21, 2022
Jasangarritasuna eta elkartasuna
Ingurumenarekiko ardurak bultzatuta, Bilbao BBK Liveko antolatzaileek jasangarritasunaren inguruko neurriak argitu dituzte gaurko prentsaurrekoan.
Plastikoen erabilerari dagokionez, berrerabiltzeko edalontziak eta zaborra behar bezala kudeatzeko ontziak egongo direla aurreratu dute. Gainera, argindar kontsumo arduratsua bermatzeko itzaltze sistema eta dekorazio berrerabilgarria erabiliko dutela azaldu dute antolatzaileek.
Bestalde, Bilbao BBK Livek Zierbena Sarea, Zaporeak eta Ongi Etorri Errefuxiatuaken kanpainarekin bat egingo du, migratzaileentzako kanpin dendak eta jakiak bilduz.
Eraso sexistak
Aurten ere, eraso matxistak eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkakoak salatzeko deia egin dute Bilboko Udalak eta Bilbao BBK Livek. Horretarako, Anitzak elkarte bilbotarreko kideak jaialdian bertan izango dira, behar duenari laguntza emateko prest.