Gaztea

The Future Game

The Future Game: feminista, plastikorik gabekoa eta bizi baldintza duinduna izango da 2050eko euskal gizartea

B. F. | Agentziak

18 eta 35 urte bitarteko 800 gaztek hartu dute parte ‘The Future Game. Bihar zer?’ inkestan, etorkizunari buruz duten ikuspegia partekatuz. Bertan irudikatutakoa gaur aurkeztu dute, Bilboko BBK Aretoan.

  • The Future Game

    The Future Game

'The Future Game. Bihar zer?' ekimenak eman ditu bere fruituak. 18 eta 35 urte bitarteko 800 gazteren erantzunak eta ondorengo ekimenek emandakoa bilduta, esperientziaren emaitzak Bilboko BBK Aretoan aurkeztu dituzte gaur.

Inkestaren datuez gain, '2050 Esperientzia'z ere aritu dira aurkezpenean. Ekimen honetan, galdeketako emaitzak irudikatu eta prototipoak garatzeko lehen pausoak ematen aritu izan dira 100 bat gazte. Kezkak eta erronkak bilduta, horiekiko konpromisoa agertu dute DOT kooperatibak, BADALABek, EITBk eta BBK Kuna Garapen Jasangarrien Helburuen etxeak (The Future Game proiektuko sustatzaileak denak).

Inkestaren ondorioak 

Klima aldaketa izan da inkestako mugarrietako bat. 2050era begira, galdetegia erantzun duten gazteen erdiek baino gehiagok plastikoak supermerkatuetatik desagertuko direla uste dute. Hala ere, % 46k uste du beranduegi izan daitekeela itsasoaren mailaren igoerari aurrea hartzeko.

Belaunaldi izaerari dagokionez, kuadrillaren pertzepzioak Euskal Herrian oso errotuta jarraitzen duela atzeman da inkestan. Etorkizunean ere elementu garrantzitsu gisa ikusten dute euskal gazteek, eta erantzun dutenen % 86ak Euskal Herrian irudikatzen du bere burua 2050ean.

Mugak ere argi dituzte euskal gazteek: erdiek baino gehiagok armak eta eskuin muturreko alderdi politikoak debekatuko lituzkete; eta % 40k baino gehiagok apustu etxeak, tabakoa eta prostituzioaren negozioa eragotziko lukete.

Konfiantza dute beren belaunaldian, eta uste dute gai sozialek garrantzi handiagoa izango dutela datozen 30 urteetan. Etorkizuneko gobernuez galdetuta, honako gaietan hobera egitea espero dute: ingurumenaren zainketan (% 63,4), sexu arrakalean (% 63,1) eta LGTBI kolektiboen babesean (% 53,6).

Euskararentzat, berriz, ez dute aurreikuspen itxaropentsurik. Izan ere, inkesta bete dutenen heren batek soilik uste du euskararen babesa 2050eko egitekoen artean egongo dela.

Borrokarako prest dagoen belaunaldia dela argi utzi du galdeketak: % 60k baino gehiagok etxebizitza eta enplegu duinak irmo defendatzeko prest daudela adierazi dute.

Eta orain, zer? Hurrengo pausoak

Gazteek etorkizuna nola irudikatzen jakinda, irudipena errealitate bihurtzeko mekanismoak martxan jartzeko ordua dela adierazi dute The Future Gameko antolatzaileek. Horretarako, honako erronka hauek finkatu dituzte:

-Etorkizun hobe bat lortzeko, aldatu beharreko ohiturak bertatik bertara bizi nahi dituzten gazteentzako esperientziak antolatzea.

-Kezkatzen gaituzten gauzak aztertu eta biltzeko plataforma digital bat sortzea.

-Bizitzeko modu berriak imajinatzen jarraitzen laguntzen diguten ekitaldiak, hitzaldiak eta eduki inspiratzaileak sustatzen jarraitzea.

Gainera, 'The Future Game, bihar zer?'en prozesu osoa bildu duen dokumentala aurkeztu dute BBK Aretoan.