Gaztea
Bilduma
Gazteak Maketa Lehiaketaren 30 urteko historiaren unerik onenak bildu ditu
B. F. | EITB Media
Gerora arrakasta itzela izan duten taldeak, ibilbide laburra izan dutenak, EITBko aurpegi ezagunak, adin guztietako publikoa eta emanaldi gogoangarriak izan dira Maketa Lehiaketaren historian.
Maketa Lehiaketak 30 urte bete dituen honetan, bertatik pasatu diren musikarien errepasoa egin dugu Gaztean.
Gerora arrakasta itzela izan duten taldeak, ibilbide laburra izan dutenak, EITBko aurpegi ezagunak, adin guztietako publikoa, emanaldi gogoangarriak… Geneukan material guztia bildu eta astero bideo bat publikatuko dugu, Maketa Lehiaketak urtez urte utzitako unerik onenekin.
1991tik 1996ra
EH Sukarrak irabazi zuen Maketa Lehiaketaren saria, azken unean aurkeztutako EH Sukarra maketarekin. Mikel Gorosabel 'Norton' taldeko abeslariak "Dida"n azaldu zuenez, ez zuten lehiaketa irabaztea espero, eta kalean izan zuten garaipenaren berri.
1992an, Sorotan Belek eskuratu zuen sari potoloa, eta zuzenekoa eskaini zuten Gasteizko Elefante Blanco aretoan.
Urtebete geroago, 1993an, Hor Konpon oñatiarrek irabazi zuen epaimahaiaren saria. Urte horretan, gainera, Gazteak telebistako saio bat egin zuen, lehiaketan parte hartu zuten taldeen kontzertuak munduari erakusteko.
1994an, 6nemen9 talde elgoibartarra izan zen garaile. Urtebete geroago, ostera, Gazteak parez pare ireki zizkion ateak metal musikari, eta p-LT taldea izan zen txapelduna, Rafa Rueda abeslari zuen talde mungiarra. Entzuleen saria Latzen taldeak eraman zuen, 2000ko hamarkada hasieran Euskal Herriko jai guztiak itxiko zituen Laztana abestiaren sortzaileek, hain zuzen ere.
Azkenik, Fundiziyuerentzat izan zen 1996ko Maketa Lehiaketako epaimahaiaren saria, eta Berri Txarrakentzat, berriz, entzuleena. Nork esango zien Gorka, Aitor, Rubio eta konpainiari horren ibilbide oparoa izango zutela aurretik?