Albisteak

Argitalpena

Doctor Deseo, hamahirugarrenean ere, ametsaren bila

Nagore Valle

'Al amanecer seguir soñando' lana kaleratuko du aste honetan talde bilbotarrak, formatu bereziarekin eta hainbat euskal idazleren eta margolariren parte hartearekin.

  • Doctor Deseo. Argazkia: Baga-Biga

    Doctor Deseo. Argazkia: Baga-Biga

Doctor Deseo talde bilbotarrak bere 13.albuma aterako du salgai aste honetan. 'Al amanecer seguir soñando' izena daukan diskoak, formatu berezia izango du eta liburu batekin batera salduko dute. Lehen mailako artista eta idazle euskaldunek parte hartu dute euren lanekin.

Francis Díezen taldeak formatu berezi batekin argitaratuko du disko berria. Disko-liburu formatua du eta punta-puntako idazleren eta margolariren partehartzea du: Francisen testuak Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Edorta Jimenez eta Itziar Zigarenekin batera uztartzen dira. Gainera, Roscubas anaien, Jesus Mari Lazkanoren, Cristina Alfaroren, Oiert Ituarteren, Fermin Morenoren, Ismael Iglesiasen eta La Lengua Ignaciaren margolanek apaintzen dute diskoaren art-worka.

Martxoan, Euskal Herriko antzokitan izango dira: Elorrion eskainiko dute lehen zuzenekoa, martxoaren 16an. Hain zuzen ere, Arriola Antzokian izango da ikuskizuna. Martxoaren 21ean eta 22an Bilboko Arriaga Antzokia bisitatuko du eta martxoaren 24an Victoria Eugenian (Donostia) arituko da. Handik Bartzelona aldera abiatuko dira eta apirilaren 20an Ermuan dute hitzordua. Momentuz maiatzaren 5ean iragarri dute azken zuzenekoa Euskal Herrian, kasu honetan Gasteizen joko dute, eta maiatzaren 12rako saio bat iragarri dute, Madrilen.

Doctor Deseo 80eko hamarkadan sortu zen Bilbon. Orain bost kide baditu ere, proiektuaren sortzaileak Francis Diez (abeslari eta kanten idazlea) eta Josi Jimenez (baxu-jotzailea) izan ziren. Geroago, Txanpi (bateria), Aitor (gitarra) eta Raul (teklatua) sartu ziren taldean. Beste talde askotan gertatu ohi den bezala, Doctor Deseon ere, taldearen ikur bilakatu da abeslaria. Francisen itxura bitxia; ezpain eta atzazala margotuak, takoiak eta liga gorria besteak beste, bere izaeraren adierazgarri dira. Hark egiten ditu abesti gehienen hitzak eta melodiak eta bera da horiek taula gainean antzezten dituen pertsonaia karismatikoa. Abeslari moduan hasi zenean, musikari eta okin lanak mantendu uztartu behar izaten zituen eta, taldearen bidean izandako arrakastaren ondorioz, okin lana utzi behar izan zuen (pena handiz, berak behin baino gehiagotan aitortu duenez) eta bere pasio handiari eusti zion, musikari.

1987an Televisión Españolak Euskal Herrian emititzen zuen musika saio batean garaile atera ondoren, lehenengo diskoa grabatzeko aukera izan zuen taldeak eta horren atzetik, beste hamabi etorri dira. Taldearen berezko estiloari leial izan zaizkio disko guztiak, hitz sakonei, melodia garratzei eta gozoei, kabaret estetikari... Gaztelaniaz entzun ditugu batik bat Doctor Deseoren ibilbideko kantu gehienak baina euskarari leku bat egiten ahalegintzen dira, hainbat idazleren hitzak hautatuta, besteak beste, Edorta Jimenezenak.

Emakume ahotsak ere entzun izan ditugu Doctor Deseoren kantuetan. Aiora Renteriak, Sorkunek eta Anarik hainbatetan jarri dute ahotsa taldearen kantu esanguratsuenetako batzuetan. "Abrazame" abestia, esaterako, Aiora Renteriaren ahos hunkigarriarekin atondu zuen taldeak.

Zortzi disko kaleratu ostean ('Doctor Deseo' -1987-, 'Tan cerca del cielo' -1989-, 'Fugitivos del paraíso' -1992-, 'Gotas de dolor... un charco de olvido' -1995-, 'Hay cuentos aún por inventar' -1998-, 'Atrapado en tu silencio... de incertidumbres y caricias' -2000-, 'Suspira... y conspira' -2002-, 'Rómpeme con mil caricias, cielo... rómpeme' -2004-), 2005an 'Metamorfosis, (basicamente lento)' zuzeneko lana argitaratu zuten, Arriaga antzokian emandako kontzertu berezian grabatutakoa. Haren ondotik etorri dira 'Detrás de los espejos rotos' -2006-, 'Sexo, ternura y misterio' -2008- eta 'Deseo, cartografía imposible' -2010-.

2012an hamahirugarren lana besapena hartuta, betiko bidearekin jarraitzeko asmotan dator talde bilbotarra, baina, urrats txikiekin, beste dimentsio bat hartuta.