Albisteak
Ken Zazpi Ahotsez
Bizkaiko 400 koristak Ken Zazpi omenduko dute
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak ikuskizun berezi bat prestatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari laguntzeko. Lehenengo kontzertua ekainaren 17an izango da Bilboko Campos Antzokian.
Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatuta, adin ezberdinetako 400 korista arituko dira kantuan, Ken Zazpi taldea omentzeko. Hain zuzen ere, Bilboko, Santurtziko, Getxoko, Sondikako, Zamudioko, Derioko, Mungiako, Basauriko, Zornotzako, Ugaoko, Markinako, Gorlizeko eta Bakioko koristek hartuko dute parte egitasmo honetan, Piccolo String orkestrarekin, Celia Baños pianistarekin eta Biarte Dantza Eskolako dantzariekin batera.
Hala, besteak beste, "Ilargia", "Hel nazazu eskutik", "Zapalduen olerkia", "Zenbat min", "Phoenicoperus" eta "Itsasoa gara" kantuak moldatuko dituzte. Guztira, hamalau abesti taularatzeko asmoa dute.
Esan bezala, lehenengo emanaldia ekainaren 17an izango da, 20:00etan, Bilboko Campos Antzokian. Sarrera guztiak agortuta daude jada.
Irailaren 29an Zornotzan dute hitzordua eta abenduaren 30ean Barakaldoko Antzokia bisitatuko dute.
Jasotako dirua guztia Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari emango diote.