Albisteak
Apiriletik maiatzera
Ostiralean abiatuko da MAZ Basauri jaialdia
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Apirilaren 27an eta 28an eta maiatzaren 4an eta 5ean egingo dute jaialdia. Doako kontzertuak antolatuko dituzte kalean; Social Antzokiko emanaldiek, berriz, prezio merkeak izango dituzte.
-
Sidonie
Itxaronaldi luze baten ostean, iritsi da, azkenik, MAZ Basauri zikloa. Zazpigarren edizioa apirilaren 27an eta 28an eta maiatzaren 4an eta 5ean egingo dute. Aurten ere, doako kontzertuak antolatuko dituzte kalean (apirilaren 28an izango dira). Social Antzokiko zuzenekoei, berriz, prezio merkeak jartzen saiatuko dira antolatzaileak.
Hala, besteak beste, Sidonie, La Casa Azul, Novedades Carminha eta Willis Drummond gonbidatu dituzte jaialdira, baita Rufus T. Firefly, Biznaga, Vulk eta Chico y Chica ere.
Gainera, ohi bezala, talde berrien aldeko apustua egingo du MAZ Basaurik, Rockein lehiaketarekin elkarlanean. Hartara, Los Cosmeticos, Rockein lehiaketaren sail nagusiko iazko irabazlea, arituko da Basaurin. Halaber, Noga (2017ko finalistak), Kiñubak (euskal talderik onena) eta TOC (publikoaren saria) taldeen emanaldiak hartuko ditu jaialdiak.
Bukatzeko, aipatzeko modukoa da etxeko txikienei zuzendutako Txiki MAZ ekimenak ere izango duela lekua bertan.
Sarrerak
Sarrerak 10-12 euroan salduko dituzte; apirilaren 28koak salbu (8-10 euro). Gainera, lau eguneko bonua 30 euroan egongo da eskuragarri.
Egitaraua, egunez egun
Apirilak 27
Social Antzokian
21:30ean: Sidonie, Rufus T. Firefly
Apirilak 28
Kalean, doan
12:30ean: Txiki MAZ
18:00etan: Noga + Kiñubak + TOC
Social Antzokian
21:00etan: Willis Drummond, Biznaga, Los Cosmeticos
Maiatzak 4
Social Antzokian
21:30ean: La Casa Azul eta Chico y Chica
Maiatzak 5
Social Antzokian
21:00etan: Novedades Carminha, Vulk, Cecilia Payne
Sarrerak otsailaren 22tik aurrera egongo dira salgai.