Albisteak

Abuztuaren 19tik 26ra

Amaral eta Zea Mays, Bilboko Aste Nagusiko aurreneko iragarpenak

AGENTZIAK | EITB.EUS

Abandoibarran, abuztuaren 19tik 27ra, egongo diren kontzertuak iragarri ditu Udalak. Oraindik aurtengo egitaraua itxi gabe dago.

Bilboko Aste Nagusia geroz eta gertuago dago, eta Udalak abuztuaren 19tik 27ra Bizkaiko hiriburuan arituko diren zenbait talderen izenak ezagutarazi ditu dagoeneko.

Hala, Zea Mays, Antonio Orozco, Amaral eta El Consorcio (Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera) arituko dira Bilboko Abandoibarran, hots, jaietarako prestatuko duten bost agertokietako batean. Guztira, ehun musika ikuskizun antolatuko dituzte; guztiak, doakoak. Horrenbestez, oraindik hainbat kontzertu iragarri behar ditu Udalak, festak hasi aurretik.

Gaur iragarritakoen artean, nabarmentzekoa da Zea Maysek irekiko duela Abandoibarrako kontzertuen zikloa, Aste Nagusiko lehenengo larunbatean. Astelehenean, berriz, Antonio Orozco igoko da agertoki horretara, eta hurrengo egunean Amaralen txanda izango da. Aste berean, baina asteazkenean, BOSek eta El Consorciok elkarrekin emango dute zuzenekoa.

100 ikuskizun, zortzi gune

Abandoibarra: kontzertuak eta ikuskizunak

Europa Parkea: kontzertuak eta ikuskizunak

Plaza Berria: Munduko musikak

Gizakunde Eliza: musika klasikoa

Bilborock: Tokiko pop-rock musika

Casilda Iturrizar Parkea: Bilboko kantuak eta goatekeak

Arenaleko Kioskoa: Bilboko Musika Banda

Areatza: berbenak, taldeak eta fanfarreak

Gainera, ohi bezala, txosnek egitarau zabala prestatuko dute.

Kontzertu gehiago ixten dituzten heinean, Udalak horiexen berri emango du.