Albisteak
Azaroaren 5etik aurrera
Udagoieneko Ostera zirkuituak euskal musikaz jantziko du Bizkaia
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Azaroaren 5etik abenduaren 22ra, besteak beste, Ken Zazpi, Willis Drummond eta Inoren ero ni arituko dira.
-
Ken Zazpi
Udagoieneko Ostera musika-zirkuituak hainbat zuzeneko iragarri ditu Bizkaian, Euskararen erabilera sustatzea helburu duen Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta. Hala, azaroaren 5etik abenduaren 22ra egingo dituzte kontzertuak, Bizkaiko lau udalerritan.
Markinak emango dio hasiera, hain zuzen, aipatu zirkuituari, non Lurrak ikuskizuna antolatu duten azaroaren 5erako. Egun berean, Korrontzik Arrigorriagan joko du, eta azaroaren 11n Ken Zazpiren musikak Zalla bustiko du.
Gainerako, kontzertuak abendurako iragarri dituzte. Lehenik eta behin, Anje Duhalde eta Niko Etxart igoko dira oholtzara Bilbon, abenduaren 2an. Hilaren 14an, berriz, Willis Drummonden solasaldia hartuko du Bizkaiko hiriburuak, eta egun batzuk geroago, abenduaren 22an, Inoren ero ni taldekoekin batera astinduko dute Bilboko Kafe Antzokiko oholtza lapurtarrek.
Sarrerak
Udagoieneko Osterako emanaldietarako sarrerak Interneten eta Kutxabankeko kutxazainetan eros daitezke.