Albisteak
Bira
Willis Drummondek zazpi kontzertu iragarri ditu, lan berria aurkezteko
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Besteak beste, Bartzelona, Durango, Biarritz, Espeize, Bilbo, Gasteiz eta Donostia harrapatuko ditu datozen hilabeteetan.
"Athabasca" abestiarekin aurkeztu zuen Willis Drummondek azaroaren 18an argitaratuko duen Tabula Rasa lan berria. 2012an argitaratutako A ala B diskoaren ondorengoa izango dena Burke Reidek ekoitzi du, estudioko azken lan hori nahasteaz arduratu zenak.
Behin proiektu berria esku artean dutela, agertokira aterako dira berriro lapurtarrak. Hala, Bartzelonan emango dute lehenengo kontzertua, EH Sona jaialdian. Gerora, Euskal Herritik ibiliko dira abesti berriak lau haizetara zabaltzen.
Abenduko lehendabiziko hitzordua Plateruenan dute, Durangoko Azokaren estreinako egunean; alegia, abenduaren 2an. Ondoren, Biarritz bisitatuko dute hilaren 16an, eta 17an, Espeizen arituko dira. Abendurako badute zuzeneko bat gehiago hitzartuta: 22an, adibidez, Bilboko Kafe Antzokia astinduko dute.
Gainerako bi emanaldiak urtarrilean izango dira. Alde batetik, Gasteizko Jimmy Jazzen egongo dira hilaren 6an. Bestetik, Donostiako Antiguako jaiak girotuko dituzte, urtarrilaren 13an.
Kontzertuak
Azaroak 19, Bartzelona
Abenduak 2, Durango
Abenduak 16, Biarritz
Abenduak 17, Espeize
Abenduak 22, Bilbo
Urtarrilak 6, Gasteiz
Urtarrilak 13, Donostia
Sarrerak
Biarritzeko eta Bilboko kontzertuetarako sarrerak eskuragarri daude jada. Informazio gehiago, taldearen webgune ofizialean.
ofizialean.ofizialean.