Albisteak

Abenduaren 2tik 6ra

Zabalik da Durangoko Azokaren 51. edizioan izena emateko epea

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Azokaren webgune ofizialaren bidez egin beharko dute eskaria, abenduaren 2tik aurrera, Durangon egon nahi duten argitaletxeek, diskoetxeek, ekoizleek, elkarteek eta erakundeek.

Hiru hilabete falta badira ere, dagoeneko Durangoko Azokan jarri dugu arreta. Aspaldi iragarri genuenez, abenduaren 2tik 6ra egingo dute 51. edizioa, eta bertan parte hartu nahi duten musikaren zein literaturaren munduko profesionalek zabalik dute jada izena emateko epea.

Aukera ezberdinak

Durangoko Azokak aukera ezberdinak emango dizkie Landako gunean produktuak erakutsi nahi dituztenei. Hala, Azokaren araudian zehaztutako irizpideei jarraiki, stand erdia edo osoa aloka dezakete erakusketariek. Partekatutako espazio berezia alokatu ahal izango dute euren katalogoan eurek ekoitzitako produktu bi edo gutxiago dauzkaten sortzaileek edo elkarteek.

Aurreko edizioren batean parte hartu dutenek euren erabiltzaile izenarekin egin beharko dute eskaria Durangoko Azokaren web orrian. Azokara lehen aldiz joango direnek, berriz, "erakusketari" gisa erregistratu beharko dute.

Durangaldeko argitalpenak

Bestalde, Gerediaga Elkarteak ekoizpenak doan erakusteko eta saltzeko aukera emango die Durangaldeko ekoizle zein elkarteei.

Epeak

-Urriaren 1etik aurrera eman ahalko dute izena euren lanak Azokan zuzenean aurkeztu nahi dituzten sortzaileek.

-Ikasle Eguneko tailerretan izena eman nahi duten ikastetxeek irailaren erdialdetik aurrera egin ahalko dute.

-Azokan lagundu nahi duten boluntarioek urrian eman ahalko dute izena.