Albisteak

Nobedadeak

Berri Txarraken 'Denbora da poligrafo bakarra' lan hirukoitza, kalean

L.Z. | eitb.eus

Goizean aurkeztu dute 20. urteurreneko disko berria Bilboko Kafe Antzokian, eta urtarrilean abiatuko du talde nafarrak kontzertu bira, Donostian.

20. urteurrenak fruitu emankorrak eman ditu. Berri Txarrak taldeak kalean du jada Denbora da poligrafo bakarra diskoa. Musika estilo ezberdinak jaso dituzte lan hirukoitz horretan; metal doinuetatik hasi eta pop musikara arteko jauzia egin du talde nafarrak.

BERRI TXARRAK DISKO BERRIAREN AZALA

Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dute bilduma goizean, eta arratsaldean Bizkaiko hiriburuko FNACen izango dira diskoa sinatzen eta akustikoa eskaintzen. Bihar, berriz, Donostiako FNACen dute hitzordua. Aurkezpen-bira urtarrilean abiatuko dute.

Esan bezala, hiru ataletan banatu dute 20. urtemugako proiektua, eta, diskoa argitaratu aurretik, "Etsia", "Lemak, aingurak" eta "Zerbait asmatuko dugu" kantuekin aurkeztu zuten esku artean zeukaten materiala.

Hiru disko, hiru ekoizle

Harian lanaren grabazioan lagun izan zuten Ross Robbinsonen esku geratu dira Sutxakurrak diskoko abestiak. Helduleku guztiak, berriz, Ricky Falknerrek ekoitzi du, eta Bill Stevenson eta Jason Livermor arduratu dira Xake-Mate kultural bat ekoizteaz.

Kontzertu-bira

Duela egun batzuk iragarri genuen bezala, urtarrilaren 9an ekingo diote kontzertu-birari Donostian. Lehendabiziko zuzenekoaren berri eman eta denbora gutxira sarrera guztiak agortuta zeudela ikusita, bigarren hitzordu bat aurreikusi zuten urtarrilaren 10erako. Bigarren emanaldi horretarako sarrerak ere berehala agortu ziren, eta Intxaurrondo Kultur Etxean hirugarren kontzertu bat antolatu zuten (sarrerak agortuta daude).

Dena den, Gipuzkoako hiriburua zapaldu ondoren, beste hainbat herri bisitatuko dituzte:

Urtarrilak 9, Donostia

Urtarrilak 10, Donostia

Urtarrilak 23, Bordele

Urtarrilak 24, Paris

Urtarrilak 30, Logroño

Urtarrilak 31, Atarrabia

Otsailak 6, Madril

Otsailak 7, Sevilla

Otsailak 8, Cadiz

Otsailak 12, Zaragoza

Otsailak 13, Bartzelona

Otsailak 14, Valentzia

Otsailak 15, Murtzia

Otsailak 28, Frankfurt

Martxoak 1, Kolonia

Martxoak 3, Essen

Martxoak 6, Berlin

Martxoak 13, Biarritz

Martxoak 14, Burgos

Apirilak 4, Leon

Apirilak 10, Oviedo

Apirilak 11, Santiago (Galizia)

Apirilak 16, Valladolid

Apirilak 17, Santander

Apirilak 18, Gasteiz

Maiatzak 9, Bilbo

Maiatzak 22, Palma

Oraingoz, uda aurreko zuzenekoen berri eman dute, baina Euskadi Irratian goizean eskainitako elkarrizketan Gorka Urbizuk aurreratu duenez, litekeena da uda ostean AEBra eta Asiara bidaiatzea. Oraindik, ostera, urtarriletik maiatzera arte emango dituzten kontzertuak bakarrik iragarri dituzte.

Berri Txarrak | Becatu | Argazkia Tom Hagen 6

Dokumentala

Badok atariak Berri Txarraken 20 urteko ibilbidea jasotzen duen Iragana aurretik dokumentalaren aurreneko zatia argitaratu zuen duela gutxi, eta aurki bigarren partea estreinatuko dute.

Diskoaren edukia

Ross Robinsonek ekoitzitako kantuak ondorengoak dira:

I-SUTXAKURRAK

1."LANBROAN"
2. "ORDAINA"
3. "ALEGIA"
4. "ZIMELKOR"
5. "ARMAK"
6. "ETSIA"
7. "SUTXAKURRAK"

Ricky Falknerren eskutik helduko diren abestiak, berriz, hauek dituzue:

II- HELDULEKU GUZTIAK

1."ADITU BIHURTUAK"
2. "BIGARREN ITZALA"
3. "LEMAK, AINGURAK"
4. "POLIGRAFO BAKARRA"
5. "BELE ERRALDOIA"
6. "HELDULEKU GUZTIAK"
7. "26 SEGUNDOTAN"

Bukatzeko, hau da Bill Stevensonek eta Jason Livermorek ekoitzitako kantu-zerrenda:

III- XAKE-MATE KULTURAL BAT

1. "ZERBAIT ASMATUKO DUGU"
2. "HEMEN SUKALDARIEN HERRIAN"
3. "ORAIN NORBAIT ZARA"
4. "HITZEN OINARRI AHULA"
5. "XAKE-MATE KULTURAL BAT"
6. "BIGARREN ESKUKO AMETS"