Albisteak

Disko berria

'Denbora da poligrafo bakarra' deituko da Berri Txarraken lan berria

L.Z. | eitb.eus

Hiru zatitan banatutako diskoa hogei abestiz egongo da osatuta, eta azaroaren bukaeran argitaratuko dute.

  • Berri Txarrak. Argazkia: Berri Txarrak

    Berri Txarrak. Argazkia: Berri Txarrak

Datorren hilabetean argitaratuko du Berri Txarrakek estudioko lan berria, eta azken orduetan diskoaren izenburua eta hainbat xehetasun argitu ditu talde nafarrak.

Hogei abestiz egongo da osatuta esku artean duten proiektua, taldeak aurten beste horrenbeste urte bete dituelako, eta duela gutxi iragarri genuen bezala, hiru zatitan banatuko dute diskoa (3 CD).

20. urtemuga dela eta, "zerbait berezia" prestatu nahi zutela aitortu dute taldekideek, eta Haria bira bukatu baino lehen kantu berriak lantzen hasi omen ziren. Hala, "20 urte, 20 abesti" leloari eutsita, ibilbide berri bati ekin zioten.

Hiru zatitan banatutako lana

Guztira, hiru ekoizlek parte hartu dute lan berrian. Horregatik, rocka ulertzeko hiru era ezberdin ardatz hartuta, disko berriko kantuak ere hiru multzotan sailkatzea erabaki zuten.

Aspaldi iragarri genuenez, hiru grabazio saio egin dituzte nafarrek ibilbide berria abiatu zutenetik: lehena, Ross Robinsonekin; bigarrena, Ricky Falknerrekin eta hirugarrena, Bill Stevensonekin. Horretarako, Kalifornia aldera, Madrilera eta Coloradora bidaiatu zuten Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek.

Denbora dezente igaro da diskoaren aurreneko zertzeladak eman zituztenetik, baina, azkenik, azaroaren bukaeran ibilbide luze eta oparo horrek emandako fruituez gozatzeko parada izango dute jarraitzaileek.