Albisteak

Disko berria

Berri Txarrak AEBn dago proiektu berriaren hirugarren zatia grabatzen

L.Z. | eitb.eus

Azaroan argitaratuko dute lan berria, baina oraindik AEBtik dabiltza, Bill Stevensonekin batera, proiektuaren hirugarren zatia grabatzen.

  • Berri Txarrak. Argazkia: Berri Txarrak

    Berri Txarrak. Argazkia: Berri Txarrak

Berri Txarrak taldeak udaberrian eman zituen azaroan argitaratuko duen proiektu berriaren aurreneko urratsak. Martxoan Kalifornia aldean izan ziren nafarrak, Ross Robinson (Slipknot, Sepultura, The Cure) ekoizlearekin lanean, eta, hainbat abesti berri grabatu ostean, bira labur bat eskaini zuten AEBtik.

Udan ere ez zuten atsedenaldirik hartu, eta Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, agertokiz agertoki ibili ziren.

Gainera, uztailean Madrilera abiatu ziren, urte hasieran abiatu zuten proiektuaren grabazioarekin jarraitzeko. Besteak beste, Love of Lesbian, Standstill eta Sidonie taldeekin aritutako Ricky Falknerrek zuzendu zuen orduan grabazioa.

Dena den, sare sozialen bidez gaur bertan zabaldu dutenez, badirudi proiektu berriari oraindik hirugarren zati bat falta zaiola. Izan ere, Gorka Urbizu eta taldekideak Coloradoko The Blasting Room estudioetan daude orain, proiektuaren hirugarren eta azken partea grabatzen. Oraingoan, ordea, Bill Stevenson (Rise Against, Black Flag, Descendents, NoFX…) punk ekoizlearengana jo dute, eta Jason Livermoreren esku utzi dituzte nahasketa lanak.

Aurten 20 urte bete ditu Berri Txarrakek, eta, urtemuga behar bezala ospatzeko, lan berezia kaleratuko dute azaroan.