Albisteak
Elkarrizketa
Berri Txarrak: 'Urte amaierarako diskoa kalean izatea espero dugu'
Aurretik Euskal Herrian kontzerturen bat edo beste emango duten ere kontatu zigun Gorka Urbizuk "B aldea" saioan egindako elkarrizketan.
-
Berri Txarrak. Argazkia: Berri Txarrak
AEBtik bira egiten ari da Berri Txarrak talde nafarra. Bederatzi egunetan zortzi kontzertu eskainiko dituzte Gorka Urbizuk eta taldekideek. Gaur dute azken hitzordua New Yorken, eta "B aldea" saioari eskainitako elkarrizketan, toki oso bereziak ezagutu dituztela aitortu du taldeko abeslariak.
Disko berriari buruz ere aritu ziren atzoko saioan Ainhoa Urretabizkaia eta Gorka Urbizu. Ross Robinsonekin egindako lana izan zuten batez ere hizpide, eta proiektu berrian ekoizle estatubatuarraren inplikazioa Haria diskoan baino nabariagoa izango dela nabarmendu zuen.
Disko batetik bestera berritasunak eskaintzen dituen talde horietakoa da Berri Txarrak, eta Urbizuren esanetan, oraingoan ere izango da aldaketaren bat edo beste; soinuetan, esaterako. Izan ere, soinu berriekin esperimentatu dute proiektu berri honetan.
Oraindik, ordea, "berde xamar" dago diskoa. "Lanaren erdia egin dugu. Grabazioa bukatuta dago, baina nahasketak falta dira. Horretarako, Alemaniara joango gara", adierazi du.
Diskoaren kaleratzeari data jartzen ere ausartu da lekunberriarra. "Aurreikusitakoaren arabera, urte bukaerarako egongo da prest lan berria, eta baliteke lehenago Euskal Herrian zuzenekoren bat edo beste ematea", azpimarratu zuen.