DANIEL|A|
Gaztea
"Daniel|A|" proiektu transmedia berria, Gaztearen eskutik
EITB Media
Hiru podcast, sei ataleko serie digitala, kontzertu bat eta sare sozialetako jarraipena izango dira gazteei zuzendutako eta euskaraz egindako ekoizpen transmedia berritzaile honen osagaiak.
-
"Daniel|A|" proiektu transmediaren irudia.
Gazteei zuzendutako "Daniel|A|" proiektu transmedia aurkeztu du Gazteak asteazken honetan, irailaren 8an. Euskaraz egindako ekoizpen berritzaile honek munduan euren lekuaren bila ari diren gazteei buruzko istorioa azaltzen du hainbat bidetatik: hiru podcast, sei ataleko serie digitala, kontzertu bat eta sare sozialetako jarraipena izango dira "Daniel|A|"ren istorioaren osagaiak.
Nora Alberdik zuzendutako serie digitala da, Mikel Ayllonek idatzi du gidoia, eta Leire Ormazabal, Iholdi Beristain, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenaga dira aktore protagonistak.
Unibertsitatean hasi eta berehala, nortasun krisi sakon baten ondorioz, Danielak (Leire Ormazabal) atzerrira alde egitea erabakiko du. Hiru urteren ondoren, Bilbora itzuliko da, aitaren etxera, eta bere bizitzari berriro ekingo dio, baina abiapuntu berri batetik: orain, Daniel da. Alde egin aurretik ikusi zuen azken pertsonarekin, Ipar (Iholdi Beristain) bere ikaskidearekin, topo egingo du berriro. Elkarrekin, langabezian geratu den Danielaren aitari (Gabriel Ocina) laguntzeko plan bat prestatuko dute: banku batean lapurreta egin.
Gazteen mundutik eraikitako istorioa da eta bai genero identitatea zein gai sozialak jorratzen ditu. Danielen istorioak onarpenaren mezua helarazten digu: nork bere burua onartzen jakitea eta bizi duen errealitatea onartzen jakitea.
Izaera transmedia
"Daniel|A|" ren istorioaren kontakizunak izaera transmedia izango du eta aurretik aipatu bezala bide ezberdinetatik jasoko ditugu proiektua osatuko duten edukiak.
Gaurtik aurrera, "Daniel|A|"–k webgune propioa izango du eta bertan izango dira entzun eta ikusgai proiektua osatuko duten atal guztiak. Egun horretan estreinatuko dute gainera, serie digitalaren aurrerapen teaserra.
Ostegunean, irailaren 9ean, "Ipar Orratza" izeneko lehenengo podcast-a publikatuko dute, eta hurrengo bi igandeetan, izango dira gainerako bi podcastak entzungai, EITBPodkast plataforman eta "Daniel|A|"ren webgunean.
Irailaren 23an, serie digitalaren azkeneko atalean gertatuko den kontzertu bat errealitatera ekarriko dute. Iparrek (Iholdi Beristain) istorioko protagonistetako batek, beste musika taldeekin batera, publikoari irekia izango den emanaldia eskainiko du eta bertan filmatuko dira seriearen azken eszenak. Gazteak kontzerturako sarrerak zozketatuko ditu eta streaming bidez ikusteko aukera egongo da eitb.eus-en.
Serie digitala, igandean, irailaren 26an, estreinatuko da, eta egunero atal bat izango du ikusgai Gaztearen YouTube kanalean zein eitb.eus-en. Hamar minutuko sei atalek osatzen dute seriea.
Gainera, "Daniel|A|" Gazteako sare sozialetan jarraitzeko aukera izango dugu. Bertan eduki bereziak eta ondoren ikusi eta entzungo dugunaren aurrerapenak izango ditugu.