Bilbao BBK Live 2024
Lehen eguna
Mumford and Sonsen nortasun bikoitzak nagiak atera dizkio BBK Liveri
Natxo Velez | eitb.eus
40.000 lagunen aurrean, britainiarrek ezagun egin zituzten folk doinuak eta estadioko rocka tartekatu zuten, Kobeta mendiko jaialdia abiatu zuen gau eklektikoan.
Bilbao BBK Live jaialdiaren hamargarren edizioa hemen da: 2006an, kartelean Ben Harper (bai, gaur, ostiralean, joko duen musikari kaliforniar bera), Guns and Roses eta Deftones zituela, abiatu zen jaialdia erreferentzia argia da egun zirkuituan, eta, lehen egunerako, Mumford and Sons talde britainiarrak buru zuen eskaintza eklektikoak Kobeta mendira bertaratutako 40.000 lagunak ase zituen.
Arratsaldea Marmozetsen proposamenarekin abiatu genuen. Jaialdiko atea zeharkatu eta berehala bisitariari ongietorria egiten dioten erakusmahaiak pasatuta –horietako batean, aurkezle batek karaokean David Bustamante (bai, benetan) eta Freddie Mercuryrena (baten batek Kanye Westek berriki Glastonburyn egindako ausarkeria hobetu zuen, baina hori ez da zaila) egitera gonbidatzen zituen sartuberriak–, karpan berotegi efektuaren erakustaldi enpirikoa pairatu genuen, britainiar metalaren enegarren salbatzaileen kontzertua gozatu genuen bitartean.
Gozatu diot, bai, oso ondo sartzen baita neba-arreba talde bik osatutako talde honen nahasketa: ukabila altxatuta kantatzeko moduko lelo epikoak eta math rock pasarteak nahasten dituzte, mundua jan nahi duenaren jarrerarekin. Roadrunner metaleko diskoetxe kanonikoak argitaratutako debuteko diskoa ondo baino hobeto defendatu zuten Mendebaldeko Yorkshirekoek, Becca MacIntyreren ahots paregabean oinarrituta. Ongietorri zoragarria jaialdira, Black Sabbathen omenaldi eta guzti (“Iron man”en txataltxo bat jo zuten).
Becca MacIntyre (Marmozets). Argazkia: Rythm and Photos (Last Tour)
Marmozetsek erakarrita, Black Rebel Motorcycle Clubekiko hitzordura berandu heldu ginen, bigarren agertokira. Kaliforniako hirukote dotoreak blues hondarreko doinu bridatuak (“Shuffle your feet”...) eta rock grinatsuagoko kantuak tartekatu zituen emanaldian, erabat garbia izan ez zen soinuarekin tamalez.
Jarraian, Future Islands taldeak hartu zuen agertoki nagusia, eta eguneko lehen jende multzo nabarmena batu zuten oholtza aurrean. Ez da gutxiagorako: Samuel T. Herring kantariak gidatutako taldeak ikusmin nabarmena eragin zuen, batik bat Herringen beraren ahots ikaragarri eta eszenan mugitzeko manera harrigarriengatik.
Sintetizatzailea nagusi den errepertorioaren gainetik, Herringek nahi zuena eta gehiago, orroak eta bestelako hamaika ahots erakustaldi, egin zituen bere ahotsarekin, espasmozko mugimenduak egiteari behin ere utzi barik. “Seasons” kantuak harrera bikaina izan zuen publikoan.
Eguneko kartelburuaren aurretik, nostalgiarako leihoa zabaldu zen bigarren agertokian, Counting Crows kaliforniarren txanda iritsita. BRMCek ez bezala soinu garbi-garbia alde zutela, publikoa ustekabean harrapatu zuten kaliforniarrek “Mr Jones” kantu ikonikoa hasi eta hamar minutura jota. Haren ostean, Adam Duritzek eta taldekideek kalitatez aurkeztu zuten kantu errenkada une lasaitxoagoak (“Omaha”ko soinua…) nagusi izan zirela.
Batean kale, bestean bale
Afaltzeko unearen ostean (hobekuntza nabarmena arlo honetan: pizza eta hanburgesez gain, jateko thailandiarra edo marokoarra, japoniar sushia…), puntualitate handiz (bai, britainiarra, baina ez dut hitz jolasa egingo) hartu zuten agertokia mumfordarrek, lehen notatik soinu oso-oso ona eskainiz.
Hasieratik igarri zen taldeak Bilbao BBK Livera eginiko bigarren bisitan (2012an arratsaldez jo zuten, Radiohead kartelburu izan zen egunean) gorabeherak izango zirela erritmoan, eta publikoaren aldarteak kantu zaharrekin egin zuen gora, “I will wait” bigarren kantuak hastapenetatik argi utzi zuen bezala. Banjoa dantzarako akuilu izan zen Bilbon.
Izan ere, londrestarrak pop mainstream-era lerratu dira Wilder mind disko berrian, James Ford ekoizleak (Arctic Monkeys...) eta Aaron Dessner musikariak (The National) gidatuta, berezko ezaugarriak (soinu akustikoa, dobroa eta banjoa...) alboratuta.
Marcus Mumford, Bilbon. Argazkia: Efe.
Nolanahi ere, musikari ikusgarriak izaki, kalitate oso handiko kontzertua eman zuten kartelburuek Kobeta mendin, musika-tresnekin maisutasuna erakutsiz eta ahots melodia gogoangarri eta zirraragarriak eskainiz.
Erabaki ausarta hartu du Mumford and Sonek hirugarren disko honetan oihartzun zeltadun arrakastaren gakotik aldenduz. Halere, pena da jaialdia hankaz gora jartzeko eta publikoa hunkitzeko moduko kantuak edukita (“The cave”, berbarako), beste hamaika aldiz hamaika lekutan ikusi eta entzundako pop errazeko kantuez erditzea beren garai berri honetan.
Ingelesen kontzertuaren ostean, kalera bidean, garai zaharrak berritze aldera-edo, Dover taldeak karpan eskainitakoa ikustera gerturatu ginen. Eta gerturatu diot, jendetza ikusgarria batu baitzitzaion madrildarren deiari, eta karparen halako bost ere beteko zuketen. Jendeari nahi zuena eman zioten: rocka eta bere klasikoak.
Gu orduan erretiratu ginen, hiru eguneko jaialdian azkenerako indarrak gorde behar baitira. Gaur eta bihar, gehiago.