Itxi

EITB TALDEA

Koparen bila!

Real Madril vs Osasuna Kopako finala, gaur gauean, zuzenean, EITBn

EITB Media

EITBk bere onena emango du Osasunak jokatuko duen final historiko honen emozioa zuzenean eskaintzeko, albistegietako eta saioetako programazio bereziarekin. ETB1ek zuzenean emango du partida, eta Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere jarraitu ahal izango da.

  • Errege Kopako finala, zuzenean, EITBn

    Errege Kopako finala, zuzenean, EITBn

EITBk zuzenean eskainiko du gaur, maiatzaren 6an, Real Madrilek eta Osasunak Sevillan jokatuko duten Errege Kopako finala. ETB1en ikusi ahal izango dugu Osasuna taldearen norgehiagoka historikoa. Halaber, emanaldia Euskadi Irratian eta Radio Euskadin jarraitu ahal izango da. 

Finalaren emozio guztia zuzenean eskaintzeko, EITBk programazio berezia prestatu du, Koparen bila lelopean, eta bertatik bertara emango du Kopa finalaren azken orduaren berri telebistan, irratian eta webgunean. Hala, finalari begira, baliabide eta bitartekari guztiak jarri ditu: 15 kazetaritik gora, plato berezia, erreportajeak, elkarrizketak eta gonbidatuak...

ETB1eko eta ETB2ko kiroletako albistegiak bertatik egingo dituzte, set berezian; eta ETB2n "Nos Echamos a la Calle" berezia egingo da, zuzenean, partidaren aurretik. "Koparen Bila" saioa izango da ikusgai ETB1en; eta, nola ez, "Navarra Hoy" berezia izango da finalaren bezperan, ETB2ko Nafarroako deskonexioan. Irratietan ere jarraipen berezia egingo diote astean zehar, eta saio bereziak eta konexioak izango dira finalaren bezperan eta egunean bertan, Sevillatik. eitb.eus-eko atal berezian jasoko da eduki hori guztia.

Horretarako, EITB Mediako lantalde zabala izango da Sevillan. Euskal Telebistako Iñigo Lasa, Jon Balenziaga, Jose Ituarte, Jon Elortza eta Amane Ibañez egongo dira bertan "Gaur Egun" eta "Teleberri"rako zuzeneko konexioak egiten. Iñaki Errea, Olatz Foruria eta Naxari Altuna ere gehituko zaizkie. Euskadi Irratiko Iñaki Berastegi, Unai Urreaga eta Haritz Gallastegi, eta Radio Euskadiko Rafa Aguilera, César Pérez, Raúl Pando eta Diego Arambalza ere Sevillan izango dira, eta baita eitb.eus-eko Andoni Beldarrain eta Alain Ibarra ere.

Saio bereziak eta partida, zuzenean, Euskal Telebistan

ETB1en, Naxari Altunak egingo du finalaren kontakizuna Cartuja estadiotik zuzenean, Juanan Larrañagarekin eta Mikel Arruabarrenarekin. Berebat, partidaren aurretik eta ondoren saio bereziak izango dira ikusgai ETBn.

Maiatzaren 5ean, Euskal Telebistako kiroletako albistegiak Sevillatik egingo dituzte, plato berezi batean, Jon Balenziagak ETB1en eta Jose Ituartek ETB2n aurkeztuta. Maiatzaren 6ko eguerdiko informatiboa ere set berezi horretatik egingo dute.

Larunbat arratsaldean, ETB2n, "Nos Echamos a la Calle" berezia egingo da, 19:00etatik 21:00etara. Ane Ibarzabalek eta Egoitz Txurrukak aurkeztuta, zuzeneko saio honek gonbidatu bereziak izango ditu, eta konexioak egingo dituzte Sevilla eta Iruñeko hainbat tokitatik, azken orduaren eta giroaren berri emateko.

Maiatzaren 6an bertan, partidaren aurretik, "Koparen Bila" saio berezia izango da ikusgai  ETB1en, 21:10etik 22:00etara, zuzenean. Ana Ramosek finalaren atariko saioa gidatuko du Bilbotik, Sevillako Cartuja futbol-zelaian egongo diren Jon Balenziaga, Naxari Altuna, Amane Ibañez eta Iñigo Lasarekin zuzeneko konexioan.

Zuzeneko saioak jarraipena izango du norgehiagoka amaitzean, gertatutako guztia aztertzeko. Bertan, lehen erreakzioak, zuzeneko konexioak, elkarrizketak, zaleen hitzak eta prentsaurrekoetan esandakoak bilduko dituzte, besteak beste.

Jarraipen berezia irratietan

Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere tarte zabala ari da hartzen kopako finala, eta aste osoan zehar hitzordu historiko honen inguruko edukiak landu dituzte.

Maiatzaren 5ean, Sevillatik, azken orduaren eta giroaren berri emango dute Unai Urreagak, Iñaki Berastegik eta Haritz Gallastegik Euskadi Irratiko saio eta albistegietan. Hurrengo egunean, maiatzaren 6an, Euskadi Irratiak "Hiru Erregeen Mahaia" saio berezia eskainiko du 16:00etatik 20:00etara, Sevillatik; eta, besteak beste, Iruñetik ere zuzeneko konexioak egingo dituzte. Ondoren iritsiko da finalaren zuzeneko kontaketa, 21:00etatik 01:00etara, Jon Altunak zuzenduta, eta Haritz Gallastegiren kontakizunarekin. Nerea Zusberro, Txema Añibarro, Gari Uranga eta Angel Garitano izango ditu kontakizunean lagun.

Radio Euskadi ere buru-belarri arituko da finalarekin. Aste osoko edukiez gain, larunbatean jarraipen berezia egingo dute Sevillatik eta Iruñetik. Rafa Aguilera izango da Nafarroako taldearen berri emango duena, eta berak ere egingo du partidaren kontakizuna. Aguilerarekin batera, César Pérezek, Raúl Pandok eta Diego Arambalzak emango dute azken ordukoaren, protagonisten eta giroaren berri.

Larunbatean, 13:00etatik 14:00etara, saio berezia eskainiko dute Sevillatik, azken ordukoarekin, elkarrizketak eta finalaren gakoen analisiarekin. Ondoren, 18:00etatik aurrera, "Kirol Festa" eskainiko da, partidaren atariko ikusgarria. Ondoren iritsiko da kontakizuna, Cartujan gertatzen denari erreparatuz, Rafa Aguileraren eskutik eta e Luis Fernando Dadie, Mikel González eta Iñaki Alzolaren iruzkin teknikoekin. Behin finala amaitzean, partidaren ostekoari ekingo diote, 01:00ak arte, protagonisten ahotsak entzun eta finalaren analisia egiteko. Taldearen koordinazioa Asier Kareagaren esku egongo da, eta maila teknikoan Joseba Urruela.

Kopari eskainitako atal berezia eitb.eus-en

EITB Taldeko eduki berezi guztiak ikusgai eta entzungai egongo dira eitb.eus-en: argazkiak, audioak, bideoak... Gainera, kopa finalaren inguruko azken orduaren berri emango dute, eta kopako eduki guztiak bilduko dituen atal berezia prestatu dute: eitb.eus/kopa/

Bestalde, giroari eta partidari buruzko zuzeneko kontaketa egingo dute, eta gertatuko den guztiaren berri emango dute sare sozialetan.

Sare sozialetan #KoparenBila traolarekin zabaldutako eduki guztiak ikusi ahal izango dira horretarako garatuko den modulu berezi batean.