Itxi

EITB TALDEA

AUDIENTZIA MARKA

70.000 lagunek baino gehiagok erabili zuten egunero eitb.com 2013an

M.M.

Hilero, batez beste, 1.500.000 erabiltzaile bakar baino gehiago izan zituen, aurreko urtean baino % 20 gehiago, alegia. Hala, 2010eko audientzia bikoiztu du.

  • "Goenkale" telesaila ikusienetakoa da eitb.com-eko "Nahieran" zerbitzuan (Argazkia: EiTB)

2013ko audientzien datuek islatzen dutenez, batez beste 70.239 erabiltzaile bakar izan zituen iaz eitb.com-ek, EiTB (Euskal Irrati Telebista) euskal komunikazio talde publikoko informazio eta entretenimenduaren atariak.

Hileko datuei dagokienez, batez beste 1.529.320 erabiltzaile bakar izan zituen. Aurreko urteko datuekin alderatuta, % 22,2ko igoera izan du. 2012an eitb.com-ek bere historiako daturik onenak lortu zituela kontuan hartuta, 2013an marka guztiak hautsi dituela esan daiteke.

Datu horien arabera, datuek erakusten dute 2013an 2010eko audientzia bikoiztu dela. Urte horretan atariak, batez beste, 726.943 erabiltzaile bakar izan zituen hilean, eta 35.718 egunean. Azken bost urteotan, eitb.com etengabe hazi da, urte batetik besterako hazkundea % 20 eta % 25 artekoa izanda (sektoreko batez bestekoaren gainetik).

Informazioa, entretenimendua eta euskara

Gaurkotasunarekin lotutako edukiek (hala nola albisteak, kirolak, kultura, tokian tokiko informazioa eta eguraldia) 650.000 erabiltzaile inguru erakartzen dituzte hilero. Horrez gainera, 400.000 erabiltzailek baino gehiagok ikusten dituzte EiTB Nahieran webguneko bideoak eta saioetako unerik onenekin nahiz albisteekin erlazionatutako bideoak.

25.000 lagunek entzuten dute hilero Gaztea katea eitb.com-en, 15.000 lagunek egiten dute bat Radio Euskadirekin, 12.000 lagunek Euskadi Irratiarekin, 10.000 lagunek EiTB Musikarekin eta 5.000 baino gehiago dira Radio Vitoria entzuten dutenak.

Euskaraz egindako edukiek ia 200.000 erabiltzaile bakar erakartzen dituzte hilero, kopuru osoaren % 12 baino gehiago, alegia. Proportzio hori bikoiztu egiten da EiTB Nahieran webgunearen kasuan: euskarazko saioen kontsumoa % 25ekoa da.

Sare sozialak, mugikorrak eta HBBTV

Sare sozialek eitb.com-en trafikoaren % 15 erakartzen dute. Facebook da nagusi, Twitterrek erakartzen dituen bisitarien kopurua laukoiztuta. Hala ere, Twitterren hazkundea nabarmena da, eta gero eta presentzia handiagoa du irrati zein telebista saioetan.

Gurekin bat egiteko erabiltzen dituzten gailuei dagokienez, bisitarien laurdenek mugikorra edo tablet-a erabiltzen dute atariko edukietara sartzeko. Aipatzekoa da, halaber, hilabetez hilabete kopuru hori igotzen ari dela. Horrez gainera, App-ak Android eta iOS sistemetan 10.000 deskarga baino gehiago izan ditu. HBBTV plataformara egokituta dauden punta puntako telebistak datu esanguratsuak jasotzen hasi badira ere, informazio hori ez da oraindik audientzietako txosten ofizialetan agertzen.

Aurretiaz aipatutako datu horiek guztiak OJD Interactiva enpresak azken hamarkadan egindako auditoria publikoen araberakoak dira. 2013an datuak biltzeko sistema moldatu egin da, Nielsen Netratings etxeak merkatua utzi ostean. Aktak hilabetearen erdialdean argitaratu ohi dira, aurreko hileko datuekin.