Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Esklerosi anizkoitza

Elkartasun egun handia du gaur 2022ko EITB Maratoiak, ekarpenak egiteko hitzordu solidarioa

EITB Media

Hemen da esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde dohaintzak eta ekarpenak jasotzeko egun handia. Hainbat aukera daude: 900 840 750 doako telefonoa, BIZUM (33478), banku transferentzia eta online ekarpena.

1:23

2022ko EITB Maratoiak egun handia du gaur, abenduak 15, "Geldiezinak gara" lelopean. Urtero bezala, egun berezia da gaurkoa, eta bertan bilduko dena esklerosi anizkoitza ikertzera bideratuko da.

Asko dira ekarpenak egiteko moduak, eta denak daude martxan: banku transferentzia bidez (Caixabank ES04 2100 8686 8102 0004 5619, Laboral Kutxa ES56 3035 0450 15 4500005802 eta Kutxabank ES86 2095 0611 00 9120154296 kontuetan), BIZUM bitartez (dohaintza solidarioa: 33478) eta EITB Maratoiaren webgunean online dohaintza eginda. Ohi bezala, gainera, ekarpenak egiteko telefono zenbakia ere badago: 900 840 750 doako telefonoa. Ostegunean, EITB Maratoiaren egun handian, 09:00etan zabalduko dira lineak, eta gaua bukatu arte martxan egongo dira. Ondoren ere izango da telefono bidez ekarpenak egiteko aukera: abenduaren 16an, 09:00etatik 22:00etara; eta abenduaren 17an, 11:00etatik 22:00etara.

Gaurko jardunaldi solidario hau 09:00etan hasi da, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan jarri den dei-gunean. Bertan izan dira Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria, eta Susana Belaustegi I+G+B Kudeatzeko zuzendaria BIOEFen, besteak beste. Ohi bezala, egunean zehar kultura, kirola, telebista eta bestelako esparrutako 160 bat aurpegi ezagun batuko dira telefono deiak hartzera, tartean Igor Yebra dantzaria, Karmele Jaio idazlea, Abel Barriola pilotari ohi eta ETBko kolaboratzailea, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Gontzal Mendibil abeslaria, Asier Hormaza aktorea, Laura Mintegi idazle eta EHUko irakaslea eta Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Harretarako zuzendari ohia. Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu ere egongo dira: Bingen Zupiria bozeramaile eta Kultura sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere dei-gunean izango dira.

Egun osoan zehar, EITBko hedabide guztietan (ETB1, ETB2, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea) jarraipen berezia egingo dute, eta konexioak egingo dituzte dei-gunearekin, ekarpenen berri emateko. Gainera, eitb.eus-ek ere egunaren zuzeneko kontakizuna egingo du, eta bildutako diru kopuruaren inguruko informazioa emango du uneoro. Sare sozialetan, nola ez, jarraipen berezia egingo zaio.

Eguna bukatzeko, azken konexio bat egingo da dei-gunearekin, eta Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria izango da bertan.

Programa bereziak ETB1en eta ETB2n

EITB Maratoiaren egun handiaren harira, saio bereziak izango dira 22:30etik aurrera, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.

Hala, ETB1en esklerosi anizkoitzaren inguruko ''Ta bihar zer?'' programa eskainiko da, Leire Palaciosek aurkeztuta. Esklerosi anizkoitza mila aurpegidun gaixotasuna dela diote, ez daudelako bi kasu berdin. Hainbat eredu daude, hainbat bizipen, hainbat min eta hainbat irribarre; horiek guztiak izango dituzte hizketagai, esklerosi anizkoitza duten pertsonekin, horiek artatzen dituzten profesionalekin, elkarteetako ordezkari eta kolaboratzaileekin, ikertzaileekin…

'Ta bihar zer?' saioaren irudia

"Ta bihar zer?" saioaren irudia

ETB2n, berriz, ''Esto No Es Normal, ¡dúchate!'' berezia egingo da, zuzenean eta gonbidatu bereziekin. Nerea Aliasek eta Txurruk aurkeztuta, EITBko aurpegi ezagunen arteko lehia izango dugu ikusgai: Africa Baeta eta Xabier Lapitz vs Eider Hurtado eta Javi Sierra. 10.000 euroko zakua izango da jokoan, EITB Maratoira bideratuko dena; eta galtzen duen bikoteak, nola ez, dutxan sartu beharko du, esklerosi anizkoitzaren alde bustitzeko, azken batean. Saioan zehar, hainbat zuzeneko konexio egingo dituzte dei-gunearekin, eta Klaudio Landa izango dute bertan, gauean zehar bildutako diruaren berri emateko.

Nerea Alias eta Egoitz Txurruka

Nerea Alias eta Egoitz Txurruka

Zertan gauzatuko da eskuzabaltasun guzti hori?

Behin diru-bilketa itxita, BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du, Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak EITB maratoia solasean mahai-inguruan azaldu zuenez. Horrela, proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte, kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz. Proiektuak finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Epaimahai horretan, zientzialari, Osakidetzako mediku eta Osasun Saileko kideez gain, gaixoen elkarteetako ordezkariek ere parte hartu ohi dute, Ibarrondok azaldu zuenez.

EITB Maratoia: Gizarte osoari zabaldutako proiektua

EITBk parte hartze aktiboa izan nahi du gizartearen transformazioan, osasun eta ikerketa alorretako erakunde garrantzitsuenekin aliantzan, zerbitzu publiko gisa duen konpromiso eta betebeharrari erantzun eta gizartea gehien kezkatzen duten kausen alboan egotea baita EITB talde publikoaren betebeharra. Euskal gizarte osoari zabaldutako proiektu bezala, herritarren partaidetza zuzena bilatzen du EITB Maratoiak oinarrizko bi ildo nagusi hauen bitartez: batetik, gaixotasunaren ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoz; bestetik, abenduaren 15ean amaituko den informazio eta sentsibilizazio kanpainaren bidez.

Informazio eta sentsibilizazio kanpaina horretan, EITB Maratoiak aurten ere parte-hartze ekintza berezia jarri du martxan: #BustitzenNaiz. Izan ere, esklerosi anizkoitzak geldiarazi egiten ditu gaitza jasaten duten pertsonak; baina, aurtengo kanpainaren leloak jasotzen duenez, Geldiezinak gara, eta hori erakutsi nahi izan du beste behin EITB Maratoiak. Beraz, erronka berria bota die herritarrei: norbera ere bustitzea esklerosi anizkoitzaren ikerketa sustatzeko, Gatiburen "Euritan dantzan" abestia soinu banda gisa erabiliz. Asko izan dira dei horri erantzun diote pertsonak, eta asko eta asko izan dira aste hauetan jasotako ekarpenak (EITB Maratoiaren webgunean daude ikusgai, (Zure bertsiorik onena atalean):

Ohi bezala ikastetxeetako hainbat bideo jaso ditu aurten ere EITB Maratoiak, baita adinekoen egoitzetatik, nola ez; aisialdi eta kultur taldeak, gurasoen elkarteak, dantza taldeak, abesbatzak, musikariak, enpresetako langileak… eta inoiz baino kirol talde eta elkarte gehiago animatu dira erronkara: karatea, spinninga, errugbia, futbola, saskibaloia, eskubaloia, arrauna, atletismoa, txirrindularitza, mendi taldeak, pentatloia, aqua GAP eta igeriketa taldeak...

Herritar anonimo askok ere bat egin dute ekimenarekin, kuadrilla giroan eta familian grabatutako bideoekin: etxeko lorategian, dutxan, kalean, euritakoekin eta txanoekin… lorategiko igerilekuan negu bete betean animatu denik ere bada.

EITBko aurpegi ezagunak eta saioetako lantaldeak ere busti egin dira, nola ez; eta Bilboko suhiltzaileak protagonista izan dira bideoetako batean. Urtero legez, Eusko Legebiltzarrean ez dute hutsik egin, eta Bizkaia pilotalekuan ere kantatzen aritu ziren Lau t'erdiko pilota finalaren aurretik. Horrez gain, urriaren 15eko BIZI EITB jaian ere hainbat haur eta familia animatu ziren ekimenean parte hartzera, baita saltoki eta supermerkatuetan EITB Maratoiak jarritako dutxa berezietan ere.

Biocruces Bizkaia ikerketa zentroko kideak, osasun etxeetako profesionalak…  Astez aste eta egunez egun hazten joan da #BustitzenNaiz erronka, eta ekarpenen artean, bereziki, esklerosi anizkoitza duten pertsonenak eta horien elkarteenak: ADEMBI Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea, ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea eta AEMAR Arabako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea. Guztiek bidali dituzte elkarlanean egindako bideo ikusgarriak. Gainera, erronkarekin bat egin dute esklerosia duten hainbat pertsonek: etxeko dutxan bikotekideekin, lorategian bilobekin, ikastetxean ikasle eta lankideekin, lagun taldean, errehabilitazio zentroan ariketak egiten… ikerkuntza bultzatu eta geldiezinak direla erakusteko. Hain zuzen ere, hori bera aldarrikatu zuten joan den igandean hainbat eta hainbat herritarrek Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egindako #BustitzenNaiz ekitaldi erraldoian, elkarrekin abesten eta elkarrekin bustitzen, esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde.

ESKERRIK ASKO DENOI!