13:38

eguraldia

Iragarpena

Asteartean ere, elurra 800 metroan

Agentziak | Erredakzioa

Egunak aurrera egin ahala, elur-kotak gora egingo du, eta 1.500 metroan kokatuko da egunaren azken orduetan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du astearte honetarako ere, elur-maila 800-900 metrora jaitsi ahal delako barnealdean.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak zehaztu duenez, abisu horia 00:00etatik 09:00ak arte egongo da indarrean.

Euskalmeten arabera, giro bustiarekin jarraituko dugu asteartean. Isurialde atlantikoan egingo du euri gehien, eta baliteke trumoi-ekaitzen bat izatea goizaldean. Dena dela, aroak hobetzera egingo du arratsaldean: atertzera egingo du, eta ostarteak zabaldu dira.

Elurrari dagokionez, elur-kota 800 metro inguruan egongo da goizaldean, baina gora egingo du, eta 1.500 metrotik gora kokatuko da egunaren amaieran.

Elurra 1.000 metrotik behera egin behar duela eta, Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bidezaintza Planak aktibatuta jarraituko du, "jarraipen-fasean".

Tenperaturan ez da aparteko aldaketarik izango. Minimoak Gasteizen egingo duen gradu bakarraren eta Bilbon egingo dituen 7 graduen artean egongo dira. Tenperatura maximoak, berriz, 9 (Gasteiz) eta 11 (Bilbo) gradu bitartekoak izango dira.

Nafarroan ere elurra

Nafarroako meteorologia zerbitzuaren arabera, Foru Erkidegoan ere elurra egin dezake, batez ere Pirinioetan.

Iruzkinak