Teknologia -
Lehiaketa Facebook-en
Facebookek famatu egingo du lehiaketa batean lehenengo hiltzen dena
Besteak baino lehenago hiltzen denari bere hil aurretiko mezua publikatuko diote 20 milioi irakurle bakar dituen Mashable webgunean eta hedabide ezberdinetan.
Erredakzioa
Bizitza guztian famatuak izatea helburu izan dutenek beren xedea lortu ahal izango dute aurrerantzean Willook enpresak Facebookerako antolatu duen txapelketari esker. Lehiaketa horrek erronka bakarra planteatzen die lehiakideei: hiltzen lehenengoa izatea.
Txapelketa makabro hori enpresa israeldar batek Facebooken erabiltzeko kaleratu duen “If I Die” aplikazioa promozionatzeko azken apustua izan da. Programak hil aurretiko mezua grabatzen utziko die erabiltzaileei, hilez gero beren Facebook kontuan publikatzeko.
“Uste dugu gizaki guztiok dugula gure azken hitzak ezagunak izateko eskubidea, eta guk antolatutako txapelketa aplikazioa ezagutarazteko erarik onenetarikoa izan daiteke”, esan du Eran Alfonta Willoockeko fundatzaile eta kontseilariak.
Ospea lortzeko lasterketan parte hartzeko baldintzak oso sinpleak dira: bizirik izatea, Facebooken kontu bat izatea, aplikazioa instalatzea, "For a chance to World Fame" (ospe mundiala lortzeko aukera bat izateagatik) aukeran klikatzea eta etorkizunean gure artean geratuko den mezu bat uztea.
Publizitate kanpaina
Besteak baino lehenago hiltzen denari bere hil aurretiko mezua publikatuko diote 20 milioi irakurle bakar dituen Mashable webgunean eta kanpainarekin kolaboratzen duten hedabide ezberdinetan, azaldu du Alfontak.
“Hilezkortasuna izkinaren beste aldean dago, heriotzarekin batera” edota “ Hau da irabazi nahi ez baina saihestu ezin duzun txapelketa bakarra” dira lehiaketa promozionatzeko erabili dituzten esloganetako batzuk. Horrez gain, ospea nola lor daitekeen jakiteko bideo bat jarri dute eskuragarri.
“Ez dugu nahi oso arin gertatzerik, baina ziur gaude, arinago edo geroago, gure erabiltzaileren bat hilko dela”, gaineratu du Alfontak.