Teknologia -

Sare sozialak

Twitter dagoeneko erabilgarri, euskaraz

Sare sozialak azaldu duenez, astelehen honetatik aurrera Twitter euskaraz, grekoz eta txekieraz erabili ahal izango da. Uztailaren 5ean katalaneko eta ukrainerazko bertsioak estreinatu zituen.

Twitter euskaraz, erabilgarri. Argazkia: EITB
Twitter euskaraz, erabilgarri. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Twitter sare sozialeko euskarazko bertsioa dagoeneko erabilgarri dago, erabiltzaileek itzulpen lanak amaitu ostean.

Twitterrek jakitera eman duenez, astelehen honetatik aurrera sare soziala euskaraz, grekoz eta txekieraz erabili ahal izango da. Uztailaren 5ean katalaneko eta ukrainerazko bertsioak estreinatu zituen.

#twittereuskeraz hashtagaren bidez, orain arte erabiltzaileek itzulpen prozesu osoari buruzko informazioa eman dute. Dirudienez, hilabete atzeratu dira itzulpen lanak.

Twitterrek ohar baten bidez eskerrak eman dizkie itzulpen lanetan parte hartu duten erabiltzaileei.

Euskarazko profila erabili nahi izanez gero, konfiguraziora joan eta hizkuntza aldatu besterik ez dago.

Itzultzaileen rankinga

Twitterrek erabiltzaileen esku utzi zuen sare soziala itzultzeko lana, eta batzuek gehiago eta besteek gutxiago, baina jende askok lagundu du.

Gehien itzuli dutenak zein diren jakiteko, rankinga dago Twitter Translate webgunean. .Ike.R da gehien euskaratu duen erabiltzailea. Iker Hernandok eta Joana Garmendiak osatzen dute Twitter euskaratzen gehien lagundu dutenen podiuma.

Maiatzean, Twitterrek laguntza eskatu zien erabiltzaileei sarea euskaratzeko. Ekimen honetan parte hartu nahi zutenek Twitterren izena emanda egon eta itzulpen gunean sartu behar zuten.

Twitterren gutxiengoa duten hizkuntzei dagokionez, euskara, Haitiko krioleraren ostean, sare sozialeko bigarren hizkuntzarik erabiliena da. 13.000 erabiltzailek baino gehiagok euskaraz tuiteatzen dute.

Duela denbora askotik, euskal erabiltzaileen komunitateak #twittereuskaraz hashtaga erabili du sare soziala euskara itzultzea eskatzeko. Halaber, euskararen alde arlo teknologikoan elkarrekin lan egiteko prest daudela erakutsi dute, eta, kasu honetan, argi eta garbi, lortu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea