Teknologia -
'Jainkoaren partikula'
Higgsen bosoia izan daitekeen partikula atzeman dute
Higgsen teoriarekin bat egin dezakeen partikula berri bat atzeman dutela adierazi du CERN Europako Fisika Partikulen Laborategiak.
Erredakzioa
Oraindik ziurtasun zientifiko osoarekin berretsi ezin daitekeen arren, Higgsen bosoia izan daitekeen partikula atzeman dutela iragarri du gaur CERN Europako Fisika Partikulen Laborategiak.
Rolf Heuer CERN laborategiko zuzendari orokorrak aurkikuntza "historikoa" dela esan du, izan ere, Higgsen bosoia Unibertsoa nola eratu zen ulertzeko ezinbestekoa da, baina "oraindik lan asko egiteke" dagoela ohartarazi du.
"Aurkikuntza bat dugu" esan du Heuerrek ATLAS eta CMS ikerketen ondorioak aurkeztu dituzten konferentziaren amaieran. LHC hadroi azeleragailuaren ikerketa handienak dira bi hauek eta urteak daramate era osagarrian Higgsen bosoia ikertzen.
Aurkikuntza honekin, ia segurua da Peter Higgs zientzialariaren partikula aurkitu dutela. 60ko hamarkadan aipatu zuen Higgsek, eta eredu estandarraren oinarria litzateke.
Australian ospatu duten Goi-mailako Energien Fisikako Nazioarteko Goi-bileran iragarri dute, ATLAS eta CMS ikerketen beste hainbat aurkikuntzarekin batera.
Iruzkina uztailaren amaieran argitaratuko dute osorik, baina Fabiola Gianottik, ATLAS esperimentuaren bozeramaileak, datu batzuk aurreratu ditu:
"Higgsen teoriarekin bateragarria diren zantzu argiak aurkitu ditugu gure datuetan, 5 sigmatik gertuko mailarekin (% 99,977ko eraginkortasuna), 126 Gigaelektronvolteko masaren inguruan. LHC hadroi azeleragailuaren eta ATLASen errendimendu ikaragarriari eta jende askoren esfortzu handiari esker iritsi gara puntu honetara, baina oraindik denbora pixka bat behar da emaitzak prestatu eta argitaratzeko".
Oinarrizko partikulek masa nola lortzen duten jakiteko da garrantzitsua Higgsen bosoia, fisikaren eredu estandarraren azken kate-maila.
Iazko abenduan esan zuten CERN iragarpenen bat prestatzen ari zela. Orduan, partikula inguratuta zutela adierazi zuten adituek.
Zer da "Jainkoaren partikula"?
Zientzialariek uste dute Higgsen bosoia' partikulei masa ematen dien bosoia dela, eta hori dela-eta "Jainkoaren partikula" deitzen diote askok.
Higgsen bosoia aurkitu ez ezik, masa zer den eta oinarrizko partikuletan zer dela eta den ezberdin ere argitu nahi dute ikerlariek.
Besteak beste, materiaren eta antimateriaren arteko oreka, materia iluna zer den, unibertsoan hiru dimentsio baino gehiago dauden eta partikula supersimetrikoak existitzen diren ere aztertuko dute.