Teknologia -

TEKNOLOGIA

Google News Showcase albisteen produktu berria kaleratu du Googlek

Hainbat herrialdetako 200 argitalpenekin lortu du akordioa multinazionalak, eta informazio edukiengatik ordainduko ditu, informazio industriara hurbildu eta harekin duen harremana hobetzeko.

Googleko eraikina. Argazkia:EFE
Googleko eraikina. Argazkia:EFE
Googleko eraikina. Argazkia:EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Google interneteko multinazionalak ostegun honetan iragarri duenez, Google News Showcase produktu berria merkaturatuko du, eta 1.000 milioi dolar ordainduko dizkie informazio edukia sortzen duten hainbat herrialdetako hedabideei.

Googlek akordioa lortu du 200 bat argitalpenekin Argentinan, Brasilen, Alemanian, Australian, Erresuma Batuan eta Kanadan. Multinazionalak "kalitate handiko" edukien truke ordainduko die hedabide horiei bere produktu berri horren bidez eskaintzeko. Google News Showcase eskuragarri dago jada Brasilen eta Alemanian, eta datozen hilabeteetan zabalduko da aipatutako gainerako herrialdeetara; ondoren, Indian, Belgikan eta Herbehereetan izango da ikusgai.

Hasiera batean, plataforma berriaren bidez sortzen diren edukiak Android sistema eragilea duten gailuetan bakarrik egongo dira eskuragarri. Aurrerago, Appleren iOSeko Google News zerbitzuaren bidez ere eskuratu ahalko dira.

Googleko kontseilari delegatu Sundar Pichaik aurreratu duenez, konpainiaren asmoa da etorkizunean Google Search bilatzaile estandarraren eta Google Discover zerbitzu espezializatuaren bidez eskuratu ahal izatea edukiak.

Apustu hori informazioaren industriara hurbiltzeko eta harekiko harremana hobetzeko balia lezake enpresak. Azken urteetan, beren edukiak ordaindu ez arren online trafikoa irabazteko baliatzea leporatu diote hainbat hedabidek Googleri.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Google Eguneko albisteak Albisteak