Teknologia -
Internet eta euskara
Mugikorrak aztertu dituzte Euskarazko Internet Egunean
Gainera, Aulesti eta Munitibar udalerriak saritu dituzte: bata, .eus domeinu gehien dituen herria delako, eta, bestea, euskarazko webgune gehien dituen herria izateagatik.
eitb.eus
Nazioarteko Internet Eguna dela eta, Puntu Eus fundazioak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Euskarazko Internet Eguna antolatu dute. Hirugarren edizioa izan da eta Donostian ospatu dute, Miramon Parke Teknologikoan.
Aurten, sakelako telefonoetan jarri dute arreta antolatzaileek; izan ere, euskaraz eskuratu daitezkeen mugikorren inguruko azterketa egiten ari dira. Datuak bildu ahal izateko, Lehen Hitza aplikazioa deskargatzea proposatzen dute mugikorraren marka eta modeloa euskaraz jarri daitekeen jakiteko.
Ekitaldian '10.000 goaz, bazatoz?' kanpaina berria aurkeztu dute. 10.000 .eus domeinu lortu nahi dituzte.
Gainera, Aulesti eta Munitibar saritu dituzte: bata, .eus domeinu gehien dituen herria delako, eta, bestea, euskarazko webgune gehien dituen herria izateagatik.
Euskarazko Internet aldarrikatzeaz gain, sareko komunitatearen egoera eta erronkak ezagutarazi dituzte ekitaldian.