Teknologia -
Internet
'Blockchain' tresna teknologikoa, eztabaidagai Bilbao Tech Weeken
'Blockchain' erabiltzaileei konfiantza emateko osagaia dela azpimarratu du Arantza Marques Garcia IBM GBS Blockchain Practice Leaderrak.
Agentziak | Erredakzioa
'Blockchain'ek munduko milaka programatzaileen eta adituen arreta bereganatu du. Bitcoin kriptomoneta garatzeko lehen aplikazioa martxan jarri zenetik ‘blockchain’en erabilera ikaragarri areagotu da.
Teknologiak sortu duen jakin-mina agerian geratu da Bilbao Tech Weeken bigarren edizioan, “parte-hartze handia eta bisitarien elkarrekintza” ikusita, antolatzaileek agiri batean azaldu dutenez.
'Blockchain'i jardunaldi oso bat eskaini dio Bilbao Tech Weekek. Ivan Gonzalez Vilaboa Plain Conceptsen sortzailearen hitzetan, “bloketan bildutako transakzioak dira eta bloke horiek lotuta daude eta harremana dute” 'hash' izeneko erreferentziari esker.
Oinarrizko printzipio horiek azaldu ondoren, ‘blockchain’ plataformak sortzeko tresna mota edo 'software' ezberdinen berri eman du, GETH esaterako.
Jesus Cao Flowko zuzendariak nabarmendu duenez, ‘retail’ bezalako sektore batean, edo denda fisikoen bidezko salmentan ala ‘online’, ‘blockchain’ teknologia aprobetxatzen ari dira.
Bestalde, ‘blockchain’ ekoizpen aurreratuan, energian edo osasunean erabiltzen ari direla adierazi du Oscar Lage Tecnaliako Zibersegurtasun arduradunak.
'Blockchain' erabiltzaileei konfiantza emateko osagaia dela azpimarratu du Arantza Marques Garcia IBM GBS Blockchain Practice Leaderrak.
Kriptomonetak
Bilbao Tech Weekek mahai-inguru bat antolatu du kriptomonetaz eztabaidatzeko. Gaur bitcoin baten truke 7.340 dolar lor daitezke. 2010ean 5 dolarren truke 2.000 bitcoin erosi bagenitu, gaur ia 14,6 milioi dolar izango genituzke. Kriptomonetaren hastapenetan, norbaitek 10.000 bitcoin ordaindu zituen pizza bat erosteko. Gaur 73 milioi dolar baino gehiago izango lirateke.
Ruth Sala informatika delituetako abokatuaren ahotan, ziberkriminalek bitcoin eta beste kriptomoneta batzuk ordaintzeko sistema bezala hartu dute, “edozein operazio jarraitzeko zailtasunak planteatzen dituelako”.