Teknologia -
Internet
Puntueusek baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egin nahi du euskara
Puntueus fundazioak Iñaki Goirizelaia presidente berria aurkeztu, plan estrategikoa azaldu eta domeinuaren prezioa merkatu dela iragarri du.
eitb.eus
10 urte dira .eus domeinuaren aldeko mugimendua sortu zela, eta duela hiru urte onartu zuten berori. Orain, Puntueusek patronatua berritu du, eta horrek hartu duen lehen erabakia presidente kargurako, Joan Mari Torrealdairen ordez, Iñaki Goirizelaia izendatzea izan da.
Puntueus fundazioa erakunde hauek osatzen dute: Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea, EKE, ESLE, Euskaltel, Euskaltzaindia, EHU, EITB eta PuntuEUS elkartea.
Goirizelaiak berak aurkeztu du 2020 Plan Estrategikoa, zeinetan datozen urteetarako oinarri eta helburu estrategikoak ezarri baitituzte. Helburua da domeinuaren bidez euskara ingurune digitalean baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea, eta, horrela, euskara lehen mailako hizkuntza izatea lortzea.
Hori lortzeko, lau erronka estrategiko zehaztu dituzte: ingurune digitalean euskararen erabilera indartzea; .eus Euskal Herriko domeinuetan hirugarrena izatea; komunitate zabalagoa, handiagoa eta biziagoa lortzea; eta euskal ingurune digitaleko lehenengo erreferentzia izatea.
Prezio merkeagoak
2014ko abendutik, 6.300 domeinu-izen baino gehiago erregistratu dira, eta hazkunde horrek domeinuaren prezioa jaistea ahalbidetu dio fundazioari. Erregistro berria egitearen truke 29 euro ordaindu beharko dira, eta berritzearen truke 35.
Nolanahi den, Josu Waliño Puntueuseko zuzendariaren hitzetan, “domeinuaren azken prezioa ez du fundazioak ezartzen. Domeinu-izenen salmenta zuzena Interneteko erregistratzaileek egiten dute, eta haiek ezartzen dute erabiltzaileek ordaindu beharreko prezioa”.