Teknologia -
Ordainpeko zerbitzua
YouTube Red Europan ezartzeko negoziaketetan dago Google
Besteak beste, YouTubeko bideoak iragarkirik gabe ikusteko aukera dute zerbitzu horretan izena ematen duten erabiltzaileek. Halaber, edukiak Interneteko konexiorik gabe ikusi ditzakete.
Agentziak | Erredakzioa
YouTube Red ordainpeko zerbitzua Europan ezartzeko negoziaketetan dago Google, Telegraph-ek aurreratu duenez. Hedabide horren arabera, Erresuma Batua izango litzateke zerbitzu hori eskuragarri izango lukeen Europako lehenengo herrialdea.
Besteak beste, YouTubeko bideoak iragarkirik gabe ikusteko aukera dute zerbitzu horretan izena ematen duten erabiltzaileek. Alabaina, YouTube Red Europan ezarri ahal izateko Googlek horri buruzko nondik norakoak negoziatu behar ditu bertako sortzaileekin, artistekin eta diskoetxeekin.
Dena den, 2017an Europako hainbat herrialdeetan ezartzeko aukera izatea espero dute. Antza, Erresuma Batua izango litzateke zerbitzu hori eskainiko lukeen lehenengo herrialdea. Erabiltzaileek 9,99 libra ordaindu beharko lituzkete hilero, eta Amazon Prime edota Neftlix bezalako zerbitzuak eskainiko liekete Googlek.
Bideoak iragarkirik gabe ikusteko aukera emateaz gain, plataforma horretako edukiak Interneteko konexiorik gabe ikusteko aukera dute erabiltzaileek. Gainera, beste aplikazio batzuk erabiltzen dituzten bitartean YouTubeko bideoak ikusi ditzakete.
Gaur egun, YouTube Red ondorengo herrialde hauetan erabili daiteke: AEB, Mexiko, Hego Korea, Zeelanda Berria eta Australia.