Teknologia -

Udako iraultza

'Pokemon Go' ofizialki heldu arte ez deskargatzea gomendatu du OCUk

Bideojokoa kanal ez ofizialetatik jaisteak birusak "eta beste hainbat arazo" ekar ditzakeela ohartarazi du.

'Pokemon Go' gure kaleetara heldu da

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pokemon Go bideojokoa Espainiara modu ofizialean heldu arte ez deskargatzea gomendatu du Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU).

Errealitate areagotua oinarri duen Androiderako eta IOSerako bideojokoa udako iraultza izaten ari da nazioartean. AEBn, adibidez, 21 milioi erabiltzaile lortu ditu 24 orduan.

Oraingoz ez da ofizialki heldu Europara, baina badaude hainbat trikimailu dagoeneko deskargatu ahal izateko. Horregatik, bideojokoa kanal ez ofizialetatik jaisteak birusak "eta beste hainbat arazo" ekar ditzakeela ohartarazi du OCUk. "Niantic ekoizlearen bertsio ofiziala baino ez da segurua; beste edozeinek kalte egin liezaioke zure telefono adimendunari", gaineratu du.

Gainera, adingabeekin "arreta berezia" izateko deia ere egin du. Izan ere, jokoak geokokapena erabiltzen du, eta, hortaz, "adingabeak pokemon bila non dauden" jakin daiteke.

Udako iraultza

Pokemon Go Appleren App Storen bideo-jokorik zabalduena bihurtu zen iragan astean, bideo-jokoa kaleratu eta 24 orduko epean, eta Twitter sare sozialak baino erabiltzaile gehiago ditu dagoeneko.

SurveyMonekyk goraipatu duenez, erritmo berean jarraituz gero, Pokemon Go jokoak egun gutxi batzuk barru gaindituko du Snapchat sare soziala.

Nintendo Japoniako ekoizlearen akzioek % 75 egin dute gora uztailaren 6an Pokemon Go merkaturatu zutenetik.

Hala, 3,58 bilioi yeneko (30.605 milioi euro) kapitalizazioa lortu du Japoniako konpainiak. Enpresaren balioak 13.000 milioi euro baino gehiago egin du gora astebetean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak Bideo-jokoak