Teknologia -
Baieztatuta: argazkiak 140 karaktereko mugatik at geratuko dira
Erabiltzaileen izenak eta esleitutako artxiboak ere muga horretatik kanpo izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Twitterrek iragarri du argazkiak eta esleitutako artxiboak txioetako 140 karaktereko mugatik at geratuko direla, azken asteetako zurrumurruak baieztatuta.
"Hurrengo hilabeteetan aldaketak egingo ditugu txioak sinpleagoak izan daitezen, 140 karaktereko muga nolakoa izango den barne; izan ere, erabiltzaileen izenek eta esleitutako artxiboek ez dute karaktererik gastatuko", azaldu du konpainiak, blog ofizialean.
Une honetan, argazki batek txio bateko 23 karaktere "gastatzen" ditu, baina aste batzuen buruan dagoeneko ez dute lekurik okupatuko.
Agur izenen aurreko puntuari
Twiterrek beste aldaketa bat iragarri du: ".@" formula kendu egingo dute, hau da, erabiltzaile bat aipatzerakoan ez da beharrezkoa puntua aldez aurretik jartzea txioaren hasieran mezua jarraitzaile guztiei iristeko.
Orain arte, puntua jarri gabe, bi erabiltzaileek (zuk eta txioan aipatu duzuna) komunean dituzten jarraitzaileek baino ezin zuten ikusi iruzkina.