Teknologia -
Telefonia mugikorra
'Roaming'aren amaieraren hasiera: erabat desagertu arteko pausoak
Lehen pauso gisa, 'roaming' errekargua murriztu du Europar Batasunak.Sakelako telefonoa Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan erabiltzeko gainkostua 2017ko ekainean kenduko dute behin betiko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasuneko beste herrialdeetan sakelako telefonoa erabili ahal izateko ibiltaritza ('roaming') errekargua berriro murriztu dute, 2017ko ekainean behin betiko desagerrarazteko bidean.
Ordura arte, Europar Batasunak gainkostua murrizteko prozesuarekin jarraituko du. Aurrerantzean, minutu bakoitzeko gehienez bost zentimo kobratu ahal izango dute operadoreek; bi zentimo SMS mezu bakoitzeko; eta bost zentimo megabyte bakoitzeko (BEZa kontuan hartu gabe).
Aipatu prezioak larunbat honetara arte indarrean egon direnak baino % 75 merkeago dira.
Araudi berriaren helburua da Europar Batasuneko herrialde ezberdinetan telefonoz egindako deiengatik, mezuak bidaltzeagatik edo sakelakoarekin Interneten nabigatzeagatik ordaindu beharreko gainkostuak 2017ko ekainaren 15erako kenduta egotea.