Teknologia -
Apple
iPhone berriak aurkeztu dituzte, 3D Touch eta 4K teknologiadunak
“Munduko telefono adimendun aurreratuenak dira”, adierazi du Tim Cookek aurkezpenean, San Frantziskoko Bill Graham entzunaretoan.
Agentziak | Erredakzioa
Apple konpainiak iPhone 6S eta iPhone 6S Plus telefono berriak aurkeztu ditu gaur. 3D Touch teknologia dute, eta bideoak 4K bereizmenarekin grabatu eta bideo labur bihurtzen diren argazkiak ateratzeko aukera ematen dute.
Lehendabizi, AEBn eta Puerto Ricon jarriko dituzte salgai, irailaren 25ean, baita Europako eta Asiako beste herrialde batzuetan ere. Datorren larunbatetik aurrera izango dute erosleek enkargua egiteko aukera. Mundu mailako merkaturatzea, 130 herrialdetan, urte bukaeran egingo du konpainia erraldoiak.
“Munduko telefono adimendun aurreratuenak dira”, adierazi du Tim Cookek aurkezpenean, San Frantziskoko Bill Graham entzunaretoan.
Bi urteko kontratua
iPhone 6S 177 euroan (16 GB) eta iPhone 6S Plus 267 euroan (16 GB) hasita izango dute eskuragarri erabiltzaileek. Hala ere, bi urteko kontratua eta iOS9 sistema eragilea izango dute hasieratik.
Pantaila gainean presioa eginez erantzungo dute gailu berriek. Horrela, sarbide zuzeneko leiho batzuk zabalduko ditu, aplikazio bat ohi bezala ireki beharrik gabe.
Atzamarra mezu elektroniko baten gainean jarrita, telefonoak mezua automatikoki zabalduko du, irakurketa azkar bat egin ahal izateko.
iPhonek 12 eta 5 megapixeleko kamera berriak izango ditu (aurrealdean lehenengoa eta atzealdean bigarrena). Bereizmen handian edo 4K formatuan grabatzeko gaitasuna izango dute, eta bideo laburrak sortuko dituzte argazki bakoitzarekin.
Era berean, Applek iPad gailu ezagunaren modelo berria aurkeztu du: iPad Pro. 12,9 hazbeteko pantaila du (iPad Air 2.ak, 9,4 hazbetekoa), eta azarotik aurrera izango da salgai, 799 dolarreko prezioan hasita.