Teknologia -

Kotxe berriak

Googlek gidaririk gabeko kotxeak sortuko ditu

Googlek bakarrik dabiltzan autoak egingo ditu. Ez dute ez bolanterik ez pedalik izango, eta aurrera egiteko botoi bat izango dute, eta beste bat gelditzeko.

Gidaririk gabeko kotxea. Argazkia: Youtube
Gidaririk gabeko kotxea. Argazkia: Youtube
Gidaririk gabeko kotxea. Argazkia: Youtube

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Google konpainia estatubatuarra gidaririk gabeko kotxeak egiten hasiko da, bideko segurtasuna areagotzeko. Iragarpena fundatzaileetako batek (Sergey Brin) egin du, Kalifornian eskaini duen prentsaurreko batean.

Googlek bakarrik dabiltzan ehunka auto egin nahi ditu. Ez dute ez bolanterik ez pedalik izango, eta aurrera egiteko botoi bat izango dute, eta beste bat gelditzeko. Beste enpresa batzuek egindako autoak moldatu ditu Googlek orain arte bere teknologia garatzeko, baina aurrerantzean horiek ekoizteko prozesu osoa hartu nahi du bere gain.

"Oso pozik gaude ibilgailu honekin, ibilgailuak automatikoki gidatzeko teknologia garatzen eta mugak ulertzen lagunduko digulako", esan dio proiektu honen zuzendariak, Chris Urmson-ek, BBC kate britainiarrari.

Kotxeak bi lagunentzako lekua izango du, elektrikoa izango da eta 40 kilometro orduko abiadura hartu ahalko du, segurtasuna bermatzeko. Googlek "pertsonen bizitza hobetu nahi du, batetik bestera joateko modua aldatuta", enpresako arduradunen esanetan.

Konpainiak azaldu duenez, ibilgailuak laser sentsoreak eta radarra erabiltzen ditu, eta baita kamera bat ere, modu autonomoan gidatzeko. Bestalde, Google mapa bereziak egingo dituzte, ibilgailu horren programak erabiltzeko berariazkoak. Lehen prototipoetan probatzen ari dira jada.

Teknologia konpainiaren arabera, urtebete barru hasiko dira ibilgailu hauek Ameriketako Estatu Batuetako errepideetan ikusten, eta, garraioa goitik behera aldatuko duen lehen saiakera honetarako, 200 bat autoko flota bat egingo dutela aurreratu du Urmsonek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Ameriketako Estatu Batuak albisteak Google Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Automobilgintza