Teknologia -

Etorkizunera salto

Googlek bere betaurrekoek egin dezaketena erakutsi du Youtuben

Google Glassek smartphone eta tablet baten erabilpen asko eskaintzen dizkio erabiltzaileari, begietan zuzenean.

Sergey Brin Googleko sortzaileetako bat Google Glassarekin. Argazkia: deccanchronicle.com
Sergey Brin Googleko sortzaileetako bat Google Glassarekin. Argazkia: deccanchronicle.com
Sergey Brin Googleko sortzaileetako bat Google Glassarekin. Argazkia: deccanchronicle.com

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Googlek errealitate areagotuko Glass betaurrekoek egin dezaketena erakutsi du Youtuben aireratutako bideo baten bidez. Mountain View konpainiak globo aerostatiko batean egindako bidaian, eski pista batean edota erorketa askean probatu ditu betaurrekoak, argazkiak, bideoak eta Hangouts-ak egiteko zein Google Mapsen ibilbide bat egiteko.

Errealitate areagotuaren betaurreko horiek Google I/O konferentzian aurkeztu zituzten, eta, momentuz, konpainiak garatzaileen esku utzi ditu ahalik eta onura gehien ateratzeko. Horiekin, errealitate areagotuari esker, smartphone-aren edota tablet-aren zeregin asko egiteko aukera dago, begietan zuzenean.

Aipatu konferentzian aurkeztu zituztenetik, Google betaurreko horiekin egin daitezkeen gauzak erakusten hasi da apurka. Hala ere, orain arte ez da aukerarik egon betaurreko horiek egin dezaketen guztia zehazki ikusteko. "Glassek egin dezakeena sentitu nahi duzu? Oso sinplea da", adierazi du konpainiak.

Erakutsitako bideoaren arabera, "argazki bat atera", "bideo bat atera" edota "hangout bat egin" eta agindu bakoitzaren ostean "ok glass" esatearekin bakarrik, Google Glassek agindua beteko du.

Betaurreko horiek benetako iraultza sortuko dute mugikortasunaren eta errealitate areagotuaren alorrean. Asteazkenean AEBetako konpainiak produktu berriak egin dezakeena aurkezten duen bideo bat igo zuen Youtubera. Argazkiak, bideoak, hangoutsak egiteko edota GPSan aritzeko aukera eskaintzen du begien aurrean.

Betaurrekoek zer egin dezaketen erakustearekin batera, erabiltzaileek horiek probatzea nahi du Googlek. Horretarako, boluntarioak bilatzen hasi dira. "Pertsona irudimentsuak eta ausartak bilatzen ari gara produktuaren etorkizuna bideratzen laguntzeko", esan du konpainiak.

Aukeratua izateko, nahi duenak Google+ edo Twitter bidez #ifhadglass hastaga bidali beharko du betaurreko berriei zein erabilera emango liekeen adieraziz. Hala ere, oraingoz AEBetako erabiltzaileek bakarrik har dezakete parte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea