Teknologia -
Telefono mugikorra
Martxoaren 14an aurkeztu lezakete Samsung Galaxy S IVa
5 hazbeteko pantaila, Full HD erresoluzioa, 2 GB-eko RAM memoria eta erabiltzailearen interfaze berriztatua izango ditu.
Erredakzioa
Samsung Galaxy S III mugikorraren ondorengoa eta konpainiaren ikurra izango den Galaxy S IV smartphone berria martxoaren 14an aurkeztuko dutela esan du Eldar Murtainz analistak.
Ohikoa da Samsungek produktu berriak kaleratzeko daten inguruan izaera hermetikoa erakustea. Izan ere, Hego Koreako konpainiak ez ditu egiaztatzen ezta gezurtatzen ere bere produktuak kaleratzeko datei buruzko informazioak. Hori dela eta, oraingoz ez dago esaterik Galaxy S IVa noiz aurkeztuko duten, ezta zein ezaugarri izango dituen ere.
Eldar Murtainz analistaren arabera, eta gaiarekin lotuta dauden hainbat iturrik The Vergeri baieztatu diotenez, sakelako telefono hori martxoaren 14an merkaturatuko dute, New Yorken izango den ekitaldi batean.
Iturri horien arabera, egun horretan aurkeztuko du, "beranduen jota", Samsung etxeak bere azken produktua, baina baliteke bat baino gehiago aurkeztea. Bat behintzat Galaxy S IVa izan liteke. Hala izatekotan, Samsungek beste marka batzuek hasitako bideari jarraituko lioke. Izan ere, Sonyk, LGk eta HTCk smartphone berriak aurkeztu dituzte jada.
Samsung Galaxy S IVari buruzko zehaztapen guztiak zurrumurruak baino ez dira. Hala ere, enpresarekin lotura duten iturriek The Vergeri jakinarazi diotenez, "Galaxy S IVak aurrekoaren funtzioak hartuko ditu, baina aldaketa nabarmenekin".
Lau nukleoko bi taldeko Exynos 5 Octa prozesadorea edo QuadCore modeloak duen Exynos 5450 prozesadorea izango du. Azken horrek Nexus 10aren sistema erabiltzen du, baina oraingoan bi nukleo gehiagorekin. Horretaz gain, 5 hazbeteko pantaila, Full HD erresoluzioa, 2 GB-eko RAM memoria eta erabiltzailearen interfaze berriztatua izango ditu.
Analisten azken informazioen arabera, Samsung konpainiak Galaxy S IVaren 100 milioi unitate produzitu nahi ditu.