Erreportajeak -
Eitb.com-en erreportajea
Power Balance, mirariaren edo iruzurraren eskumuturrekoa?
Kontsumitzaileen elkarteek produktu hauen publizitate engainagarria salatzen duten bitartean, sare sozialek gizarteak Power Balance "mirarigileari" buruz duen iritzia islatzen dute.
Amaia Akordagoitia
Duela urtebete, oreka, indarra eta elastikotasuna areagotzen zituen eskumuturreko bat iritsi zen dendetara. Orain, hologrametako eskumuturrekoaz gain, zintzilikariak, eranskailuak eta txartelak ere erosi daitezke. Hala ere, eskumuturreko honen eraginkortasuna zientzialarien eta medikuen artean oso eztabaidatua izan da. Horrez gain, Facua bezalako kontsumitzaileen elkarteek Power Balance España salatu dute saltzen dituen produktuek osagarri "mirarigarriak" dituztela esateagatik.
Bitartean, "oreka hobetzen duen" eskumuturrekoarekin ondo sentitzen direla esaten dute erabiltzaile batzuk, baina "naturaz gaindiko" esperientziarik bizi ez dutela diote askok.
Geroz eta jende gehiagok eskuratzen du plastikozko hologramak dituen silikonazko eskumuturreko horietako bat. Objektuaren sortzaileek azaltzen dutenaren arabera, "nerbio sistema zentrala, garuna eta bizkar-muina estimulatu, mina ezabatzen duten substantziak askatu eta estresaren mekanismoak murriztu egiten ditu". Guztira, Power Balancek, enpresa aitzindariak, 300.000 eta 350.000 eskumuturreko bitartean saldu ditu.
Power Balance merkaturatu zutenetik, EFX, Equilibrium, Ion Balance edo Powerplus bezalako beste modelo batzuk atera dira. Horrez gain, Cristiano Ronaldo, Patxi Lopez edo Belen Esteban bezalako hainbat kirolarik, politikarik eta pertsonaia ospetsuk horrelako eskumuturreko bat janzten dute. Horietako batzuek, gainera, janzteagatik kobratzen dute, Estebanen kasuan bezala.
Hala eta guztiz ere, mediku askok "iruzurra" dela uste dute, izan ere, ez dago eskumuturrekoaren eraginkortasuna ziurtatzen duen ikerketa zientifikorik. Kontsumitzaileen Elkarteak (OCU) adierazi duenez, "eskumuturreko holografikoak mirari-produktuak dira. Hau da, eztabaidatu ezin daitekeen baieztapen bat ("giza gorputza zelulaz osatua dago..."), demostratu ezin daitekeen esplikazio bat ("zure gorputzaren oreka elektromagnetikoa zelula bizi bakoitza isolatzen berreskuratzen du..."), zentzurik gabeko esaldiak ("gorputzaren energian erreakzionatzen duten frekuentziekin sartutako hologramak..."), testigantza ugari eta sinesgarritasuna emango dio prezioa (15 eta 70 euro bitartean)" dituzten produktuak dira.
Salaketak
Facua bezalako kontsumitzaileen elkarteek ere Power Balance España enpresa salatu dute publizitate engainagarria egiteagatik. Horrez gain, Kontsumoaren Institutu Nazionalak (Osasun Ministerioaren baitan dagoena) autonomi erkidegoei nota bat bidali die, izan ere, haiek dute produktu horien salmenta erregulatzeko ardura, eta eskumuturrei eta beste produktuei egozten zaizkien osagarriek horrelako produktuen salmenta kontrolatzen duen araudia betetzen ez dutela jakinarazi die.
Legea oso argia da zentzu horretan. 1907/96 Errege Dekretuak "helburu sanitarioa duten produktuen eta horiek kontsumitzeak gaitasun fisikoa, psikikoa, kirolekoa eta sexuala areagotuko duela iradokitzen edo adierazten duten materialen, sustantzien, energien edo metodoen edozein motatako publizitate edo promozioa debekatua" dagoela dio.
Facebooken
Gaur egun, sare sozialak gizartearen isla bilakatu dira eta dagoeneko eskumuturraren sendatzeko gaitasunari buruz sortu diren bi iritziak erakusten dituzte; aldekoak eta aurkakoak.
Facebooken gehiago dira eskumuturrekoaren mirarian sinesten ez dutenak. Profil ofizialak eta eskumuturrekoaren aldeko talde txiki batzuk besterik ez dute produktuaren alde egiten.
Horrela, eskumuturrekoaren aurkakoek izen bitxiak sortu dituzte beraien profiletarako. Hurrengoak adibide batzuk besterik ez dira: Pijos que llevan la pulsera Power Balance porque la usa Pipi Estrada, La Power Balance funciona igual que funciona Dios: con fe e ignorancia, Power Balance es un timo, Power Balance: la pulsera de los retrasados edo Power Balance: cómodo sistema de identificación de retrasados.
Azken finean, eskumuturrekoa askorentzat plazebo bat den arren, produktuaren salmenta kopuruak bere eragina zalantzan dagoela erakusten du. Argi dagoena da Facebooken beste talde bat sortzeko aukera izango genukeela Power Balance: plastikozko eskumuturrekorik salduena.