Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

Enplegu bulegoko ilarako testigantzak

Lan Ministerioak jakitera eman dituen azken datuen ostean, egoera ez da batere pozgarria. Hilabeteek aurrera egite duten heinean, kaltetuek esperantza galtzen dute.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi ordutan, 20 pertsona baino gehiago atera dira Bilboko Enpleguko Institutu Nazionalaren bulegotik. Horietako batzuk itxaropentsu ateratzen dira, langabezian denbora gutxi daramatenak normalean, beste batzuk berriz, haserretuta daude egoerak hobera egiten ez duelako.

Laurak 28 urte ditu eta zentro teknologiko batetako inbestigazio enpresa batean lan egiten zuen. "Bi urte aritu nintzen enpresa hartan, baina praktiketako kontratua bukatu zitzaidan eta ez zidaten berririk egin nahi izan. Bi egun besterik ez dira igaro, hortaz, momentuz baikorra naiz. Gainera, ez dut uste beste lan bat topatzeko arazorik izango dudanik", azaldu du.

Monica administraria da eta 42 urte ditu. "Aurretik ere bizi izan dut egoera hau. Musika denda batean lan egiten nuen, baina krisiarekin eta pirateriarekin negozioak porrot egin zuen eta ni kalera bota ninduten. Hiru hilabete daramatzat langabezian eta lagunei edo ezagunei esker beste lan bat lortzea espero dut", adierazi du.

Gorkak 35 urte ditu eta joan den abuztuaren 20an bere tornulari lana galdu zuen: "Lanik ez zegoelako gelditu nintzen langabezian. Zortzi hilabete hauetan ikastaroak egin ditut, kamioia gidatzeko karneta atera dut... Orain oso zorrotzak dira eta prestakuntza oso garrantzitsua da, izan ere, gehien dakiena aukeratzen dute".

Marivik joan den abuztuaren 26an lana galdu zuen arren, 31 urteko emakume "oso lanpetua" da. "Diru-laguntzei esker bizirauten zuen elkarte batean administraria nintzen, baina laguntzak bukatu zirenean nire lana ere amaitu zen. Duela gutxi errentari buruzko ikastaro bat egin dut eta horrek ere zerbait aurkitzeko lagunduko dit", uste du gazteak.

Arantxa bulegotik atera den adin gehieneko pertsona da. Gainera, langabezian denbora gehien daramana da. "48 urte ditut eta dagoeneko bi urte daramatzat langabezian. Ostalaritzan lan egiten nuen, baina lan gutxi zegoen. Egunerokoa gogorra da, gauza askori uko egin behar diezu eta zaila da. Etorkizuna nahiko zalantzagarria da", esan du.

Ainhoak 39 urte ditu eta langabezian gelditu zenean ikasteko aukera bikaina zela pentsatu zuen: "Irailean, lanik gabe gelditu nintzenean, beste zerbait ikastea ondo egongo litzatekeela pentsatu nuen. Enpresaritzan lizentziatua naiz eta orain irakasle-ikasketak hautatu ditut. Langabezian bi urte egon naitekeenez, ikasketak bukatzeko denbora dut".

Maite abokatua da eta 27 urte ditu. "Enpresako arduradunek lanpostuen zerrenda txikitzea erabaki zuten. Egoera desesperagarria da, txarra... eta langabeziari buruzko azken datuak ezagutu ostean, are gehiago. Euskaltegira joaten naiz euskara ikasteko eta oposizio batera aurkeztu ahal izateko. Bertan, nire egoeran dauden ikaskide ugari ezagutu ditut", aipatu du.

Azken bi urteetan, unibertsitateko ikasketak dituzten 762.000 pertsonek baino gehiagok lana galdu dute, horrela adierazi du Estatistikako Institutu Nazionalak egin duen biztanleria aktiboaren inkestak. Horien artean, 347.500 gizonezkoak dira eta 415.300 emakumezkoak.

Hala ere, langabeziak biztanle guztiengan du eragina eta adina ere kontuan izan beharreko eragozpen bat da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea