Erreportajeak -
Eitb.com-en erreportajea
Aste Santuan bidaiatzeko aholkuak
Airelineak ekipajea galduz gero, bidaiariak indemnizatu behar ditu. Intoxikazioak ekiditeko, atzerrian jaten dugunarekin arreta handia izatea gomendatzen dute adituek.
Amaia Akordagoitia
Garraioa, osatuta, janaria... oporraldia "bikaina" izateko kontuan izateko faktoreak dira. Aste Santu hau antolatu dugunaren arabera garatzeko, kontsumitzaileen elkarteek aholku batzuk eman dituzte.
Garraioa
Hegazkina: airelineak du helgaldiaren atzerapenak eragingo dizkigun kalteen erantzukizuna. Overbookingaren kasuan, konpainiak txartelaren dirua itzuli edo lekua duen lehenengo hegazkinean eserlekua eman behar digu. Horrez gain, behar izanez gero, dei bat egiteko eta elikadura eta ostatu gastuak ordaintzea eskatzeko eskubidea dugu.
Hegazkina hautatzen dugunean, arduretako bat maletak gure helmugara iritsiko diren izaten da. Europako Garraio Komisioaren datuen arabera, egunero 90.000 maleta galtzen dira mundu osoan eta 3.000 bidaiarietatik batek bakarrik galtzen du betirako bere bagajea. Kasu horietan, konpainiaren mostradorera joan eta Ekipajearen Irregulartasun Partea bete behar dugu. Normalean, ordu edo egun batzuetan azaltzen dira.
Airelinekin izandako eragozpenak erregulatzen dituen Montrealeko Konbenioaren arabera, maletak berreskuratzeko erreklamazioa egiteko 21 egun itxaron behar dira. Ekipajea kaltetu izanagatik, berriz, epea 7 egunetakoa da. Hala ere, konpainiak kalte handien erantzukizuna besterik ez du hartzen. Horrez gain, gogoratu beharra dago dagoeneko konpainia gehienetan bigarren maleta fakturatzeagatik ordaindu egin behar dela.
Trena: Renfek biletea zerbitzua atera baino ordubete lehenagora arte itzultzeko aukera ematen du, baina balioaren % 15 galduko dugu. Kasu honetan, ekipajea ez da fakturatzen, hortaz, gure ardurapean izango da. Kontsumitzaileen elkarteek hartutako txartelak ondo begiratzea eta gordetzea gomendatzen dute, izan ere, arazorik izanez gero, gure tokiaren eta helmugaren ziurtagiria izango dugu.
Autobusa: txarteldegi ofizialetan eskuratu behar dira bileteak. Legez kanpoko enpresak ekidin behar dira. Txartel bakoitzarekin 30 kilo eramateko eskubidea dugu, baina gure ardurapean izango dira maletak. Zerbitzua atera baino bi ordu lehenagora arte itzuli daitezke bileteak. 48 ordu lehenago eginez gero % 90 berreskuratuko dugu, eta ordutik aurrera, % 80.
Kotxea: errepidera atera baino lehen kotxearen egoera ikusi eta bidaiarako prestatu behar da. Gainera, 3 orduro edo nekatuta bagaude atsedenaldi txiki bat egitea gomendatzen dute. Ostatua
Aste Santua bezalako oporraldietan hobe da ostatua aldez aurretik erreserbatzea, izan ere, okupazioa nahiko handia izaten da. Dagoeneko alokatua badugu, EKA-OCUVen (Euskal Kontsumitzaileen Elkarte) aholkua eskaintzen digutena alokatutakoarekin bat datorren konprobatzea da.
Horrez gain, atentzio handirik ez emateko bitxi edo jantzi deigarriak ez erabiltzea gomendatzen dute.
Elikadura
Atzerria goazenean gaixotasunik arruntenetako bat bidaiariaren sabelekoa da. Leku aldaketekin gure gorputzaren babes naturalaren defentsak gutxitu egiten dira eta, ondorioz, inmunitate-sistema ere kaltetzen da. Hori ekiditeko, gasdun ura eta botilakoa dena edatea da komenigarriena, ura intoxikazioen arrazoi nagusienetako bat baita. Izotzarekin ere kontu handia izan behar dugu, askotan iturriko urarekin egiten baita.
Beste jakiei dagokienez, ez da kaleko postuetan jan behar eta entsaladak ez dira gomendagarriak, osagaiak gordinak izaten baitira. Horregatik, haragia eta arraina ere ondo egina jan behar da. Itsaskiei dagokienez, bertakoei galdetzea da onena.
Baina, batez ere, oso garrantzitsua da eskuak garbitzea, izan ere, intoxikazio gehienak eskuen bitartez kutsatzen dira.