Politika -
Omenaldia Azpeitian
Inaxio Uria omenduko dute astelehenean, hilketaren 4. urteurrenean
2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Azpeitiko enpresaria. ''ETAko hilketa guztiak gaitzesten dituzten guztiak'' bertan egotean eskatu du familiak.
Erredakzioa
Urtero legez, Inaxio Uria omenduko dute familiako kideek eta lagunek astelehen honetan Azpeitian, enpresariaren hilketaren laugarren urteurrenean. ETAk hil zuen Inaxio Uria, 2008ko abenduaren 3an.
Familiak ohar betean adierazi duenez, urtero bezala hilketaren tokian jarritako oroitarrian (Azpeitiko Loiola auzoan, Kiruri jatetxe alboan) egingo dute ekitaldia, 13:00etan. 15 minutuz, isilean gogoratuko dute Uria. Familiako kideek enpresaria gogoratu eta ''indarkeria ekintza guztiak'' gaitzesteko asmoarekin egiten dute urtero ekitaldia.
Omenaldiaren berri emateaz gain, ezker abertzaleari terrorismoa gaitzestea eta talde armatuari desagertzeko eskatzen jarraitzea eskatu diete ohar horren bidez ''ETAren hilketak gaitzesten dituzten alderdi demokratikoei''.
Testuan nabarmendu dutenez, ''ETAk ez du ekintza kriminalik gauzatu, baina, hala ere, zauriak sendatzen lagunduko luketen baldintzak ez dira oraindik bete''. Beraz, familiako kideen hitzetan, ''onartezina da herritarrak ordezkaritzeko zilegitasuna duen alderdi politiko batek talde armatu baten hilketak ez gaitzestea''.
''Guri ez dizkigute balio nahigabetasun sentimenduak, egindako minaren aitorpenak, biolentziarekiko mespretxuak, ondoren hiltzaileak kondenatu eta zigortzen ez badira'', esan dute. Hori dela-eta, ekitaldira gonbidatu dituzte ''talde terroristaren hilketa guztiak gaitzesten dituzten guztiak''.