Politika -
Prozesu eratzailea
Udalbiltzarekin bat egiteko deia egin diote EAJri
Eskari horixe egin diote Udalbiltza berriro eratzeko prozesuan parte hartzen ari diren hautetsi independentistek, "Euskal Herriak nazio mailako erakundea" behar duelako.
Erredakzioa
Udalbiltzak bertara biltzeko deia egin die EAJko alkate eta hautetsiei, "Euskal Herriak nazio mailako erakundea" behar duela iritzita.
Urte hasieran abiatu zituen Udalbiltzak berriro antolatzeko lanak, eta ordudanik, atxikimendu ugari jaso baditu ere, parte hartze zabalagoa lortu nahi du.
Euskal Herrian dauden 6.500 hautetsietatik 1.180k bat egin dute Udalbiltzarekin, % 18k alegia; 685 udaletatik 143 alkatek, % 20k; eta udal horietatik 318k ordezkarik bat egin dute Udalbiltzan, % 46k.
Kopuru hori handitzea da orain helburuetako bat, Igor Eguren Ordiziako alkate eta berrantolatze taldeko ordezkariak Donostian emandako prentsaurreko batean azaldu duenez.
Bilboko Euskaldunan orain 12 urte onartutako printzipioetan oinarrituta, hiru lan ildo jorratu nahi ditu Udalbiltzak: eztabaida prozesu parte-hartzailea martxan jartzea, udalen argazki multisektoriala egitea, eta gizarte eragileekin elkarrizketa erronda burutzea.