Politika -
Ganberaren osaera
Legebiltzarrak X. legegintzaldia abiatuko du gaur
Bakartxo Tejeria jeltzalea izango da Ganberako presidentea. Iñigo Iturrate (EAJ), Juanjo Agirrezabala (EH Bildu), Blanca Roncal (PSE-EE) eta Anton Damborenea (PP), Mahaiko gainerako kideak.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzar berria gaur osatuko da. Saio honetan, legebiltzarkideek karguaren zina egingo dute eta seguru aski Bakartxo Tejeria jeltzalea hautatuko dute Ganberako presidente, Arantza Quiroga 'popularra'ren ordez.
Gainera, Mahaiko beste lau kideak ere izendatuko dituzte. Ezustekorik ezean, Iñigo Iturrate (EAJ), Juanjo Agirrezabala (EH Bildu), Blanca Roncal (PSE-EE) eta Anton Damborenea (PP) izango dira. Horrenbestez, UPyD kanpo geratuko da.
Legebiltzarra osatu eta gero, hurrengo saioa noiz egingo duten iragarriko dute (baliteke 22an izatea). Horretan, Bateraezintasunen Behin-behineko Batzordea osatuko dute, eta horrek txostena egin eta gero, lehendakariaren inbestidura saioa noiz egingo duten jakingo da.
Seguru aski, Iñigo Urkulluk abenduaren 14an egingo du lehendakari karguaren zina. Epeekin arazoak izango balira, hurrengo astean egingo luke.
Hasiera batean, Urkulluren inbestidura saioa azkena izango da, otsaila arte. Izan ere, araudiaren arabera, Ganbera itxita dago urtarrilean. Dena dela, EAJk irekitzea nahi du, batzordeak osatu ahal izateko.
KIDE GUTXIAGO BATZORDEETAN
Legebiltzar berriak 18tik 15era murriztuko du batzordeetako kideen kopurua. Batzorde kopurua kolokan dago oraindik.
Vasco Press agentziak jakinarazi duenez, batzordeetako kideen banaketa honelakoa izango da, alderdiek adostu dutenez: EAJk bost izango ditu; EH Bilduk, 4; PSE-EEk, 3; PPk, 2; eta UPyDk, 1.